[Erreportajea] Euskal zinemak behar zuena
Une gozoena bizi du Zinealdeak egun, lehen mailako film eta telesail ugariren grabazioak jaso ditu azken urteetan. Gero eta gehiago dira, hemendik zein kanpotik, hara doazen proiektuak.
Etxeko sofan edota zinema areto handietan ikus daitezkeen film eta telesail handi horietako batzuk eserleku eroso horretatik uste baino gertuago egiten dira. Ez da ezagunegia —oraindik—, baina Oiartzungo Lintzirin-Gainan Hollywood-etik ateratakoa dirudien plato bat aurki daiteke. Hormigoizko kutxa erraldoia da Zinealdea, «altxor kutxa» bat, Elena Salegi azpiegituraren titularraren ahotan, euskal zinemagintzak aspalditik aldarrikatu eta behar zuena.
2011n hasi ziren Zinealdea eraikitzen, baina orduko krisiagatik kolpe latza jaso zuen egitasmoak. Halabeharrez, zazpi urte luzez paralizatutako egitasmoa izan zen. 2018an jaso zuen lehen errodajea, eta ordutik, «dena etengabe goraka» joan dela kontatu dio Hitza-ri Salegik, harekin batera egindako bisita gidatu berezi batean. Salegi, bere anai Gabriel Salegirekin batera dira instalazioen jabe, Zineazpiegiturak SL enpresakoak dira biak.
Martxa ona hartu bazuten ere, pandemiak, hemen ere, dena paralizatu zuela kontatu du Salegik. Zorionez, eraikinaren «isolamendu bikoitzeko» pareta horiek ederki gelditu zuten birusaren kolpea. Garai hartan El Internado: Las Cumbres telesaila grabatzen ari ziren Oiartzunen, produkzio finkoa zela kontatu du. Prozesua aldatu behar izan zuten, baina, haien kasuan, tarte hori ederki probestu zuten. «Bitarte horretan Zinealdea eraikitzen joan ginen. Falta zen hori egin genuen, oxigeno pixka bat bat eman zigun pandemiak».
Azken lau urte hauetan lehen mailako produkzio askok berretsi duten bezala, hamaika aukera ematen ditu Zinealdeak, grabatzeko toki batetik harago doa. Plato erraldoi bezala ezaguna den arren, plato bat baino askoz ere gehiago da.
Kanpotik ohiko industria eraikin baten itxura antzekoa du, sorpresa barrura sartzean dator, kutxa horren atzean dago. Platoak, dekoratuak, kamerinoak, ile apaindegi eta makillajerako aretoak, produkzio bulegoak, bilera gelak, terrazak… Dena da handia Zinealdean. «Hemen pelikula, telesail edo programa bat zerotik bukaerara arte egin daiteke, fase guztiak, oso-osorik». Sare erraldoia osatu dute, askotariko kolaboratzaileak dituzte, «primerakoak» Salegiren ahotan.
Sei pisu ditu, goraka eraikitzea erabaki baitzuten, oso argi izan zuten hasieratik hori. «Espainiakoekin alderatuta berezia da gurea. Hangoak orokorrean zabalak dira, ez dira goraka eraikitzen, hangoetan golfeko auto horiekin ibili behar dira alde batetik bestera. Hemen, ordea, dena eskura jartzen diegu, lana errazten diegu».
Zinealdean film bat oso-osorik graba daiteke, zerotik bukaerara
Plato nagusiak Salegik esandakoa berresten du, zalantzarik gabe. 1.800 metro koadroko azalera hartzen du, futbol zelai huts bat dirudi, ikaragarria. 16 metroko altuera du areto erraldoiak. «Jendea txundituta geratzen da hona sartzean. Sei pisuko eraikin bat irudikatu dezakegu, edo kale oso bat. Estatuan altuera hori eskaintzen duten bakarrak gara. Horrek ezberdintzen gaitu».
Plato erraldoi horren alboan dago bigarrena, horrek 820 metro koadro ditu, eta 14 metroko altuera. Alboan beste sei plato txiki dituzte handiek, sei metroko altuerakoak, 120-350 metro koadro artekoak. «Plato batean 100 lagunekin errodatu dezakezu eta ez zara bestelako proiektuetako kideekin topatzen, areto guztiek dute sarrera propioa».
Izan ere, Zinealdean dena dago eskura. 2011n lehen harria jarri zutenetik anai-arreben helburu nagusietako bat hori izan da, produktoreei dirua eta denbora aurreztea, «ahalik eta ekonomikoena» izan dadila haientzat, Salegiren hitzetan. Formula horrek arrakasta izan duela esan daiteke, 2019az geroztik, ez baitute deskantsurako tarterik izan. «Azken lau urteetan etengabekoa izan da jarduna, goraka joan da, ez gara gelditu», aitortu du, harro. La trinchera infinita, Agur Etxebeste edo Patria bertatik pasa dira, besteak beste.
Jatetxe bat ere badu Zinealdeak, hau ere, nola ez, handia. Egunero bertan lan egiten duten langileei menu pertsonalizatua ematen diete, baina, kanpotik datozenek ere bertako menuaz gozatzeko aukera dutela esan du Salegik. Txurrumurru izena du jatetxeak.
Nahi adina plato
Platotik atera eta kafea hartzeko txokoa izan zitekeen hori ere plato bat izan daiteke. Esaterako, aste hauetan, plato handiaren kanpoko plazatxoan Balenciaga telesail berria grabatzen ari dira, kroma erraldoi batzuekin. «Zinealdean toki guztietan graba daiteke, horretarako dago egokituta. Eraikina inguratzen duen errepidea ere plato bilakatzen dugu. Kroma erraldoi bat jarri eta, adibidez, XVI. mendeko eliza bat dugu atzean, edo kanpoko errepide bati Parisko baten itxura ematen diogu».
Zinealdea ez da handia bakarrik eraikinagatik, hori nabarmendu nahi izan du Salegik, leku estrategiko batean dagoela dio. «200 kilometroko itzulinguruan denetik dugu: hondartza karibeñoak, mendiak, basoak, basamortuak, gazteluak, herri ederrak…». Horrek —ere bai— azken urteetan Amazon, Disney edo Netflix bezalako plataforma erraldoiak erakarri ditu Zinealdeara. «Kanpoek ere flipatu egiten dute hona iristean. Madril edo Bartzelonatik datozenek ez daukate horrelakorik han, haluzinatu egiten dute. Jendeak ez du imajinatzen zer dagoen hemen, ateak zabaltzen dizkiezunean zeharo harritzen dira».
Bertako eta kanpoko zinemagintzan txoko bat egin du Zinealdeak. Garai gogorrak bizi izan dituen arren, Salegik dio aspaldian zinemagintzak eskatutakoa emateko gai izan direla bertako eta kanpoko zuzendari eta produktoreei. «Horrelako zerbait izateko beharra zegoen, aspalditik. Beti egon dira teknikari, aktore edo zuzendari oso onak hemen, eta beti kanpora atera dira lanera. Orain hona itzuli nahi dute, hemen lan egin nahi dute, eta noski, ateak zabalik dituzte».
Euskal zinemagintzak bizi duen une ederraz ere aritu da bisitan zehar, «une onenean» dagoela uste du hark, harro dio hori. «Harrobi oso indartsua dago, kalitatezko jauzi handia eman da».
Erronka berriak
Datozen urteei begira erronka ugari dituzte Salegi anai-arrebek. Urte hauetako joera mantendu nahi dute, baina badituzte asmo handiagoak oraindik ere. «Orain arte bezala jarraitzeko asmoa dugu. Eraikina oso-osorik bukatzeko, hau da, gure bezeroen beharretara %100ean egokitzeko, uste dut urtebete inguru falta zaigula. Baina bitarte horretarako ere ideia asko ditugu buruan, gauza asko egin daitezke hemen: ekitaldi kulturalak, kontzertuak, moda pasarelak…». Azkenaldian ingurumenari erreparatzen hasi dira Zinealdean.
«Hondakinen kontrol zorrotza egiten dugu, erabiltzen dugun ura euritik lortzen dugu eta eguzki indarra gure kabuz eskuratzeko lanean gabiltza. Aurreztea da asmoa».
Erronketatik harago, egitasmoa gerturatu nahi diete herritarrei, «ikus dezatela film eta telesail horiek non egiten diren, eta nola». Hori nahi dute. Aurki bisita gidaturen bat antolatuko dutela aurreratu du, bereziki zinemarekin zerikusia dutenei begira. Sare sozialetan adi egotera gonbidatu ditu interesdunak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu Zinealdearen webgunea.