Zaisa Txingudik sasoiko lehena lortu du
Bidasoarrek nagusitasunez irabazi zuten Iruñean La Unica B-ren aurka (5-35) partida uneoro kontrolpean izan ondoren.

Zaisa Txingudik denboraldiko lehen garaipena lortu zuen larunbatean Iruñean. Iñigo Camareroren mutilek nagusitasunez menderatu zuten La Unica B taldea (5-35), markagailuan uneoro aurretik joan ondoren.
Hasierako hamabostekoa Aritz Rodriguezek, Iker Tejerok, Joao Costak, Oihan Arruabarrenak, Imanol Aizpuruak, Asier Amigok, Xabi Sanchezek, Asier Gonzalezek, Ioritz Francok, Urko Genuak, Ekain Hiribarrenek, Gorka Martinezek, Carlos Lorak, “Lutxo” Echevarriak eta Adur Manterolak osatu zuten. Javi Boesek, Ramon Berguak, Jon Sanchezek, “Gabo” Lizarazuk, Erlaitz Ayuelak eta Jenö Kocsisek ere hartu zuten parte denboraldiko lehen garaipenean.
Etxekoak indartsu hasi baziren ere, Txingudi sendo egon zen defentsan, eta ez zien aukerarik eman aurkariei aurretik jartzeko. Bidasoarrak izan ziren, gainera, markagailuan aurretik jarri zirenak Adur Manterolak lortutako zigor-kolpe bati esker.
Partida kontrolpean izan zuen uneoro Zaisa Txingudik, eta hogei puntuko aldearekin joan ziren atsedenaldira. Deskantsuaren ondoren, Camarerok aldaketak egin zituen taldean, eta ordezkoek lehen zatiko maila ona mantendu zuten bigarrenean, alde handiarekin nagusituz (5-35). Jardunaldiko beste emaitzak kontuan hartuta, sailkapeneko laugarren postuan kokatu da Zaisa Txingudi, sei punturekin.