Europako Mugikortasun Astearekin bat egin dute Bidasoan
Nagusikleta eta Village veló dira hiru hirietan egingo diren ekimen nagusiak. Horrez gain, udalerri bakoitzak bere jarduerak antolatu ditu.
Aste honetan hasiko da Europako Mugikortasunaren Astea eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak hainbat ekimen antolatu ditu ildo horretan hiru hirietan: Village vélo eta Nagusikleta. Aurten, txikienei eta adinekoei arreta berezia jarri nahi izan dietela azaldu dute.
Leloa Konbinatu eta mugitu! da eta xedea “klima aldaketaren aurka jardutearen garrantziaz jabetzea eta bizikleta erabiltzeak mundu osasuntsuago baten aldeko borrokan izan dezakeen garrantziaz jabetzea” dela azaldu du Miguel Angel Paez Bidasoa bizirikeko presidenteak. Mugaz gaindiko lanaren beharra ere nabarmendu du. Bat egin du adierazpen horiekin Hendaiako Udaleko ordezkaria den Itziar Aizpuruk.
Familian edo lagunekin egin daitezkeen planak direla azaldu du Juan Luis Silanes Hondarribiko Ingurumen zinegotziak eta parte hartzera animatu nahi izan ditu herritarrak, “oso interesgarriak izan baitaitezke eguneroko bizitzan aplikatzeko”.
Village vélo
Udalerri bakoitzean bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko hainbat jarduera bilduko dituen azoka da Village veló. Txirringaren erabileraz sentsibilizatu eta sustatu nahi dute. Ordutegiak honako hauek dira:
- Irun: irailaren 17an, larunbata, 17:00etatik 20: 00etara Zabaltza plazan.
- Hondarribia: irailak 18, igandea, 11:30etik 14:30era Kasino Zaharreko lorategietan.
- Hendaia: irailaren 21ean, asteazkena, 15:00etatik 18: 00etara Gaztelu Zahar pilotalekuan.
Nagusikleta
Tandem batean adinekoek paseo bat emateko ekimena da. Balaztak ekarri zuen Bidasora duela urtebete eta lotura honetan topa daiteke HITZAk horren gainean egindako erreportajea. Ibilbideen ordutegiak hauek dira:
- Irun: irailak 19, astelehena, Behobiatik Osinbiribilera eta Santiagora bidegorriz.
- Hondarribia: irailaren 20an, asteartea, 16:00etatik 19:00etara, Butron pasealekutik kirol-porturantz, hondartza eta babes-portua bidegorritik.
- Hendaia: irailaren 22an, osteguna, EPADHetik erlaitzera, hondartzara eta badiara bidegorriz.
Astean zeharreko jarduerak
Arestian aipatutakoak jarduera nagusiak lirateke, eta astean zehar beste zenbait ekimen egingo dituztela aurreratu dute.
Irun: Bizikleta martxa egingo da igande honetan Zubimuxuko biribilgunetik abiatuta 11:00etan. Horrela, Hondarribian hasiko den martxarekin bat egingo dute. Hilaren 18an ere bigarren eskuko bizikleten azoka egingo dute Zabaltza plazan, Txingudi Zerbitzuakek antolatuta. Hilaren 20an eta 22an helduentzako bizikleta ikastaroa egingo dute; izen-ematea hemen egin daiteke. Egun horretan bertan, irailaren 22an, Bizibusa antolatu dute Eguzkitzako eta Dunboako eskoletan, eta Lekaenea eskolan eskolara oinez joateko hitzordua egin dute. Era berean, irailaren 16tik 22ra garraio publikoa gehien erabiltzen duten irundarren artean 20 euroko 50 bonu banatuko dituzte.
Hondarribia: Bizikleta eta Osasuna hitzaldia eskainiko du Kepa Lizarragak ostiralean hilaren 16an, Kultur Etxean 19:00etan. Bizikletak daukan rolari buruzko hausnarketa egingo du. Hurrengo egunean, Bizikleta Jaia egingo dute, eta igandean, bizikleta martxa familiarra egingo dute hiriko kaleetan zehar. Astelehenean, irailak 19, Talaia bidearen zati bat egingo dute Jaizkibelgo landareak ezagutzeko, 16:00etan. Amaitzeko, irailaren 21an mahaiaren bueltan eseriko dira mugikortasunaren alorreko arazoak komentatzeko eta mugikortasun zailtasunei irtenbideak proposatzeko.
Hendaia: St. Vicent ikastetxeko ikasleei bertara bizikletaz joan eta etorri egiteko deia luzatu die udalak, irailaren 26tik 30era. Halaber, bizikletaz orientatzeko lasterketa antolatu dute irailaren 21erako, 14:00etatik 16:00etara.