[Galeria] Ez da izan nahi bezain gozoa
Hondarribiko emakumeen nahiz gizonen ontziek ez dituzte lortu amesten zituzten emaitzak gaurko Kontxako bigarren igandean.
Gazi samar joan da Kontxako Banderako bigarren igandea Hondarribiko ontzientzat. Gizonena bandera borrokatzeko asmoz atera da, baina ia hasieratik garbi ikusi da Urdaibairen horma gaindiezina zela. Emakumeek, berriz, bosgarren egin dute gaur, eta sailkapen nagusian lehen igandetik zuten hirugarren postu preziatua galdu dute, azkenean bosgarren izateraino.
Ezin denean ezin da. Urdaibaik lehen paladetatik erakutsi du ia ezinezkoa zela gaurkoan Kontxako Bandera Bermeo ez zen beste herri batera joatea. Nagusitasunez eraman dute trapua Bizkai aldera. Hondarribiak ia zortzi segundoko kontrako aldea zuen aurreko igandetik, eta gaurko berotasunean egindako lehen luzearen bukaeran, hau da, ziabogan, burua banderaren esperantzatik aldendu behar izan dute Joseba Amunarrizek gidatu duen ontzikoek. Bukaeran Urdaibaitik 22 segundora bukatu dute, hirugarren izan dira txandan Donostiarraren atzetik, eta hiriburukoek ateratako aldeagatik sailkapen nagusian ere hirugarren izan dira berdeak.
Orain, datorren asteburuko bi estropadetan jarri behar dute burua eta gogoa Mikel Orbañanosek entrenatutakoek. Bermeon eta Portugaleten Eusko Label Ligako azken bi estropadak dituzte. Urdaibairen horma oraingoan ere aurre-aurrean izango dute Ama Guadalupekoa ontzikoek. Baina gaurkoan ezin izan den bezala, asteburuan beharbada haginkada eman dakioke bizkaitarren ustezko nagusitasunari.
Gizonen sailkapen osoa ikusteko, klik egin hemen.
Emakumeak, bosgarren
Kontxako lehen igandea aparta izan zen Hondarribiko emakumeen traineruarentzat. Sekulakoa Hirugarren izan ziren. Gaur, ordea, aurrekoan atzean utzi zituzten EuskoTren Ligako Tolosaldea eta Donostiarra aurretik izan dituzte. Horrek ekarri du sailkapen nagusian ere bi koska atzera egin behar izana, horretan ere bosgarren postuarekin konformatuta. Hibaika berdeen atzetik bi ehuneko soilera iritsi da. Oriok irabazi du emakumeen Kontxa, atzetik izan dituelarik Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Donostiarra.
Ez dute estropada zeharo txarra egin Ama Guadalupekoa-koek. Baina on-ona erez. Eta ondoan dauden lehiakideak barkatzen ez duten horietakoak direnez, egun batean gozo-gozo izan dena, hurrengoan gazi samar izatera igaro da. Antzekoa gertatu zaie Miren Garmendiak gidatu dituen kirolariei. Gaurkoak irakaspena izan behar du hurrengo urterako, EuskoTren Ligan ondoan izan dituztelako gaurko traineru gehienak.
Gaurkoarekin sasoia bukatu dute berdeek, helburuak beteta gainera. EuskoTren Ligara igotzea lortu dute Iker Cortesek entrenatutakoek, bandera asko irabaziz gainera. Kontxan ere izan dira, beraz, ezin askoz gehiago eskatu Hondarribiko emakume arraunlariei.
Emakumeen sailkapen osoa ikusteko, klik egin hemen.
Jarraian, gaurko hainbat irudi, Oarso Bidasoko ordezkarienak (Hondarribia eta Hibaika)