[Erreportajea] Indartsu dator bigarrena ere
Kontxako Banderaren lehen asteburuak gauza gutxi argitu ditu. Emakumezkoena zein gizonezkoena, bi lehiak daude zabalik. Eta ez garaileena bakarrik, sailkapenaren postu asko daude dantzan.
Laia Urretabizkaia Mitxelena Hibaika taldeko arraunlaria da, eta lehen igandeko lanarekin «dezente gustura» geratu direla dio. Seigarren amaitu zuten, lehen postuan geratu zen Oriorengandik 20 segundora: «Joateko luzea oso ona izan zen. Gero, bueltako luzean erditik aurrera nekea sumatu genuen, eta gogorra egin zitzaigun». Dena den, «hotzean», nahiko balorazio ona egiten du, Euskotren Ligako traineruekin borrokan ikusi zutelako euren burua.
Balorazio positiboa egin du Maider Perez Arzak Hondarribiko arraunlariak ere: «Oso pozik atera ginen igandeko estropadatik». Ez da gutxiagorako: Euskotren Ligako Tolosaldea eta Donostiarraren aurretik, hirugarren kokatu dira behin behinean, Oriorengandik 13 segundo eskasera. Osteguneko sailkapen estropadarekin ez ziren batere konforme geratu, eta lehen igandeak «arantza kentzeko» balio izan ziela aipatu du: «Gorputza beste modu batean sumatu genuen. Lehenengo minututik, beroketatik bertatik, trainerua oso ondo zihoan, eta guk ere oso sentsazio onak geneuzkan». Horrek estropada on bat egiteko gai zirela ikusteko konfiantza eman zien. Dena den, aitortu du jakitun zirela ez zela erraza izango ohorezko txandara sailkatzea: «Helburu moduan ohorezko txandan sartzea jarri genuen, baina oso estropada gogorra izan zen eta lana oso ondo egin behar izan genuen hori lortzeko». Tolosaldea eta Hondarribiaren artean gailentzen zenak ohorezko txandan aritzeko aukera asko izango zituela jakitun, azken unera arte lehia bizia izan zuten txandakidearekin, eta atzetik aurrerako estropada eginda lortu zuten helburua: «Estropada hasita ikusi genuen Tolosaldeak aurrea hartu zigula, baina eusten ari ginela. Ziabogan ere, beraiek aurretik iritsi baziren ere, hortxe ginen, eta horrek indar gehiago ateratzea ahalbidetu zigun».
Gizonezkoen kasuan, Battit Ondikola Oronoz Hondarribiko arraunlariak uste du arraunean «biziki ongi» egin zutela, azken emaitzak sentsazio gazi-gozoa utzi zion arren: «Gure estropadari bakarrik begiratuta, bikain: kanpora zein barrura sentsazioak oso onak izan ziren. Gero, egia da kanpora begira emaitza ez zela espero genuena izan, eta bigarren tokian gara, Bermeorengandik nahi baino urrunago». 7 segundo eta erdiren aldea dute bermeotarrek euren alde. Lehen bi sailkatuak ez ziren txanda berean aritu, eta horrek beti ematen du zeresana: «Gerora begira, ematen du gure txanda ez zela azkarrena izan». Hala ere, irteeratik sentsazio oso onak izan arren, txandan bertan ere lanak izan zituzten aurkariak atzean uzteko. Etorrerako luzean hasi ziren tartea zabaltzen: «Ez dut uste barrura kanpora baino hobeto aritu ginenik, biak oso onak izan ziren. Nik uste dut alde horiek kaleen diferentziagatik izan zirela. Itzulerakoan hirugarren kalera sartu ginen eta hortik ondo etorri ginen, errepunpa pixka bat saihesten, eta aldea hartu genuen». Dena den, txandak txanda eta kaleak kale, Ondikolak nahiago du euren esku ez dauden faktoreei gehiegi ez erreparatu.
Bigarren igandeari begira
Igande honetan erabakiko da lehia, eta, aurreko asteburuak utzitako emaitzak kontuan hartuta, bakoitzak bere helburuak izango ditu bigarren honetarako. Hasiera batean, eguraldi iragarpenek giro nahasia aurreikusten zuten, baina, asteak aurrera egin ahala, giroak baretzeko joera hartu duela dirudi. Ikusi beharko da arraunlariek zer nolako itsasoarekin egingo duten topo. Urretabizkaiak dio olatuek «jolasteko aukera gehiago» ematen dutela. Iritzi berekoa da Ondikola ere: «Atzetik zoazenean, beti eskatzen duzu mugimendua».
Perez eta Urretabizkaia bat etorri dira bigarren asteburuari eskatzen diotenarekin: disfrutatzea eta estropada ona egitea. Perez: «Denboraldi oso polita izan da, eta iruditzen zaigu denboraldia ohorezko txandan bukatzea guretzako sari handia dela, eta %100ean aprobetxatu nahi dugu». Urretabizkaia: «Ez daukagu posturik helburu moduan, baina ahalik eta hoberen ibiltzea eta, ahal izanez gero, postuz igotzea. Hirugarren postua aipatu du Madalen ontzikoak: «7 segundora gaude, eta hori ez da sekulako aldea». Une honetan, ordea, hondarribiarrak dira postu horren jabe, eta hala izaten jarraitzeko borrokatuko dira : «Ea gai garen Donostiarrari aurrea hartu eta hirugarren postu horri eusteko». 35 ehunen daude Donostiarraren eta Hondarribiaren artean, Ama Guadalupekoaren alde.
Ondikolak 8 segundo «koska» dela onartzen badu ere, argi du oraindik posible dela Kontxako Bandera irabaztea: «Kontxa irabazteko oso ondo egin behar da arraun, baina zorte pixka bat ere eduki behar da. Guk lehendabiziko igande honetan ez dugu zorterik izan, baina saiatuko gara berriro gure %100a ematen, eta ea oraingoan zorte apur bat daukagun». Abuztuko azken asteburuan Galizian jokatutako estropadak ekarri ditu gogora Ondikolak: «Larunbatean Urdaibaik irabazi zuen bandera, 8 segundoko aldearekin, baina igandean erasoa jo genuen, ligan bizirik irauteko. Oso ondo atera ginen irteeratik, eta bandera irabazi genuen 12 segundogatik». Ondikolaren esanetan, horrek erakusten du gai direla, eta horren bila joango dira.
Kontxa, beti Kontxa
Bistan da trapu preziatua dela Kontxakoa, denetan preziatuena, eta hori lehenengo momentutik bizi dute arraunlariek. Urretabizkaia iaz estreinatu zen Kontxan, baina, murrizketak tarteko, aurten ari da bizitzen bere «benetako» lehen Kontxa: «Izugarria da. Uretaratzeko momentuan jendea jada hor dago, bere babesa sentitzen duzu, eta talde guztiei animatzen zaie. Arranpara ateratzeko momentua zoragarria da». Lehendabizikoa du Ondikolak, eta «ilusioa» aipatu du, beste ezeren gainetik: «Badakigu sekulako zortea dela maila honetan borrokatu ahal izatea, eta jende askok edozer egingo lukeela gure tokian izateko».
Perezek aitortzen du asko eskertzen dela jendearen indarra, baina horrek bere alde iluna ere baduela: «Plaza berezia dela nabaritzen duzu, eta gauzak oso ondo egin behar dira». Ildo beretik, Kontxak dakarren «tentsioa» azpimarratu du, «onerako zein txarrerako». Izan ere, euren kasuan, osteguneko sailkatze estropadan izandako sentsazio kaxkarrak horrekin lotzen ditu: «Urduritasun handiarekin bizi da Kontxak dakarrena, eta uste dut ostegunean pixka bat urduritasun hori ordaindu genuela. Azkenean, teoriak baietz esaten dizu, sar zaitezkeela, baina arrauna ez da logika, eta estropada batean jokatzen duzu dena». Urretabizkaiak ere baietz dio, Kontxak presioa gehitzen duela, baina nahiago du azpimarra sentitzen den babesean jarri.
Izan ere, horretan bat datoz hirurak: Kontxako Banderak herria mobilizatzen du, eta jendearengan nabaritzen dute hori. Ondikola: «Jendeak arrauna asko maite du, baina gehienbat Kontxa begiratzen du. Egia da azken asteetan gero eta jende gehiago hurbildu dela arraun elkartera animoak ematera». Urretabizkaiak ere giroan sumatzen dela dio: «Urtero gertatzen da aste hauetan ikusten duzula jendea Hibaikako kamisetarekin». Perezek aipatu du urte osoan herriaren aldetik «izugarrizko berotasuna» sentitu dutela, banderak irabazi dituztenean zein esku-hutsik itzuli direnean: «Egia da Kontxak oraindik eta jende gehiago mobilizatzen duela, baina hemen inguruan asko bizi da arrauna».
Igandekoa denboraldiko azken estropada izango da emakumezkoentzat. Urretabizkaiak eta Perezek denboraldiaren «balorazio oso positiboa» egin dute. Biek ala biek zuten helburutzat Euskotren Ligarako zuzeneko txartela eskuratzea, eta biek lortu dute. Hondarribiak irabazi du ETE liga, baina Hibaikak estropada guztiak podiumean bukatu ditu. Dena den, Urretabizkaiak aitortu du baduela bandera gehiago irabazi ez izanaren pena. Perezek argi du zein izan den arrakastaren gakoa: «Giro oso ona daukagu, eta gure artean daukagun konfiantzak eta elkarren artean sinisteak eraman gaitu uretan eman duguna ematera». Hurrengo urteari begira, Kontxako lehen igandean lorturikoari balio bikoitza ematen dio Perezek: «Ikusi dugu, gauzak ondo egiten baditugu, hurrengo urtean Euskotren Ligako ohorezko txandan egon gaitezkeela, edo behintzat borroka horretan egon gaitezkeela».
Kontxako Banderara sailkatzea denboraldiari ginga jartzea izan den arren, Urretabizkaia biharamunari begira ere badago: «Kontxa ondorengo hilabete luze hori eskertzen da». Perezek, ordea, biharamunari baino, estropada ondorengoari erreparatu dio: «Kontxa eta gero saria izaten dugu: udako parranda bakarra botatzea. Beraz, hori ere aprobetxatu beharko dugu».
GIZONEZKOEK, ASTEBURU BAT GEHIAGO
Kontxako Bandera bukatuta, asteburu bat luzatuko zaie denboraldia gizonezkoei. Eskualdean, bi traineruri eragingo die: Hondarribia Eusko Label liga irabazten saiatuko da; San Pedro, ordea, hurrengo denboraldian maila gorenean aritzeko kanporaketan lehiatuko da. Larunbat arratsaldean Bermeon, eta igande goizean Portugaleten izango dira azken bi estropada horiek.
Hondarribiak Urdaibai liderrak baino hiru puntu gutxiago ditu. Beraz, bi estropadak irabazteaz gain, estropadaren batean Urdaibai, gutxienez, hirugarren geratzea behar dute berdeek.
Libiak, aldiz, Eusko Lagel ligara igotzeko aukera du. Bost talde ariko dira txartel bakarraren lehian: San Pedro, Lekittarra, Pedreña, Samertolameu eta Bueu. Arraun elkartetik autobusak antolatu dituzte bi estropadetara joateko, eta izen-ematea gaur edo astelehenean egin daiteke, Sanpedrotarra elkartean, 18:00etatik 20:00etara.