Bihartik matrikula daiteke Udal Euskaltegian
Motorrak berotzen hasi da Irungo Udal Euskaltegia. Irailaren 19ra bitarte izena eman beharko dute euskara ikasteko interesa duten irundarrek.
Irungo Udal Euskaltegia motorrak berotzen hasi da, 22-23 ikasturterako ikastaroen eskaintzaren berri eman dute gaur Miren Etxebeste ordezkariak eta Miren Tolosa euskaltegiko zuzendariak. Urriaren 3an hasiko dituzte ikastaroak, eta ekainaren 23ra bitarte luzatu.
Hainbat ikastaro mota eskainiko dituzte aurten, hala nola, egunero, bi, hiru edo lau orduko ikastaroak, larunbat goizetan B2 eta C1 prestatzeko ikastaroak edota merkatari eta gurasoentzako ikastaroak. Prezioa modulu hauen araberakoa izango dela aurreratu dute, baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek udalak abiatutako bekak eskura ditzaketela. Honen arabera, matrikularen %100a arte jaso dezakete ikasleek.
“Urtero saiatzen gara udal euskaltegian ahalik eta eskaintzarik zabalena ematen irundarrentzat eta inguruko herrietatik datozen ikasleentzat, eta ekonomikoki ere apustu argia egiten dugu euskararen ikaskuntza sustatzeko, bai ordaintzeko erraztasunak eskainita, bai %100erainoko diru laguntzak emanez, bai eta langabezian edo ERTE egoeran daudenentzat edo lanaldi murriztua dutenentzat doako matrikula eskainita ere. Dirua ez dadila izan euskara ikasteko oztopo Irunen”, esan du Etxebeste ordezkariak.
Lannahi
Ohiko ikastaroez gain, aurten ere doako ikastaro trinkoak eskainiko dizkiete langabezia egoeran daudenei, %50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako erregulazio espedientea) dauden ikasleei, edo lanean egonda ere gehienez %50eko lanaldia dutenei. Ikastaro hauek egunero lau ordukoak edo egunero hiru ordukoak izango dira.
Euskaltegiko ikastaroetan zein Lannahi programan parte hartu nahi dutenek irailaren 1etik 19ra bitarte izena eman beharko dute, euskaltegian bertan, HAZ bulegoan edota lotura honetan. Partaide guztiek mailaketa proba bat pasa beharko dute, irailaren 1etik 19ra ere, goiz zein arratsaldez.