Berritasunekin hasiko du ikasturtea Gazteartean-ek
Haur eta nerabeei zuzendutako programa indartzea erabaki dute aurten, "proposamen sortzaile, estimulatzaile, hezigarri eta batez ere dibertigarriak" eskainiz.
Gazteartean egitasmoak dena prest du ikasturte berrirako. Santi Jimenez ordezkaria Palmera Monteroko Txilikab Haurtxokoa bisitatu du gaur, ikasturteari hasiera eman eta datozen berritasunak aurkezteko. Lehenik eta behin jakinarazi du gaur (hilak 1) bertan zabaldu dutela Haurtxokoetan izena emateko epea. 4 urtetik 11ra bitarteko haurrentzako zerbitzua dela gogoratu du, “proposamen sortzaile, estimulatzaile, hezigarri eta batez ere dibertigarriak” eskaintzea du asmo programak. Horretarako aurten ere askotariko tailerrak eta jarduerak prestatu dituztela kontatu du Jimenezek.
Lau Haurtxokoetako bakoitzean bi txanda egongo dira 4 eta 8 urte bitartekoentzat eta bestea bat 9-11 urte bitarteko haurrentzako. Lehen txandakoek astelehen, astearte, asteazken eta ostegunetan izango dute hitzordua (bi taldetan banatuta) eta helduenek aldiz, ostiraletan.
Pandemiak azken edizioak baldintzatu baditu ere, aurten normaltasun osoz ariko dira, eta txanda bakoitzean 24 plaza egongo dira. 40,60 euro ordaindu beharko dira edo bestela, 22,35 euro, bizikidetza unitate bereko anai-arrebak izanez gero.
Izen emateko aukera hilaren 7an (asteazkena da) itxiko dute. HAZ bulegoaren bidez edo udalaren autozerbitzu terminaletan egin beharko da.
Aurtengo berritasunak
Berritasunekin dator aurtengo Gazteartean programa, hala aurreratu du ordezkariak. Izan ere, lehenik, hiriaren erdialdean Haurtxoko berri bat irekiko dute, “inguru horretako eskaerari erantzuteko” asmoz. Honi lotuta, Jimenezek erantsi du Martindozenean 15-18 urte bitarteko nerabeei zuzendutako programa indartzeko asmoa dutela. Berariazko gune eta programa bat diseinatuko dute, “beren beharrak, proposamenak eta kezka partikularrak jasotzeko”. Konekta bitartekaritza zerbitzua ere indartu nahi dute, gazteentzako “jarduera interesgarri” ugari aurreikusi dituzte.
Azkenik, ordezkariak esan du gazteria sailak “apustu sendoa” egiten duela AsexoraT zerbitzuaren bidez heziketa sexuala eta afektiboa lantzeko. Ikasturte berrirako jarduera ildoak zabalduko dituzte, “sexu eta afektibitate heziketa errespetuzkoa, gogoetatsua eta osasungarria sustatzeko” asmoz.