Jaietan "pasatu gabe ondo pasatzeko" deia egin du udalak
2022ko 'Hondarribian ondo pasa baina ez pasa' prebentzio kanpaina aurkeztu du Maria Serrano zinegotziak. Datozen jaietan "ohitura eta bizimodu osasungarriak" bultzatu nahi dituzte.
Jaiak gertu dauden honetan, 2022ko Hondarribian ondo pasa baina ez pasa prebentzio kanpaina aurkeztu berri du udalak, Maria Serrano zinegotziak xehetasunen berri eman du gaur. Lehenik eta behin, 2021-2022 ikasturtearen gaineko balorazioa egin du, “oso positiboa” izan dela esan du, bai Udaleko Prebentzio Komunitarioko zerbitzuaren aldetik, eta baita ere herriko ikastetxeen aldetik. Herriko hiru ikastetxeek programa aurrera eraman dutela nabarmendu du, “oso aktiboki” gainera. Programa honen helburua “prebentzio eta osasunaren sustapena” dela gogoratu du Serranok, hau da, “ohitura eta bizimodu osasungarriak bultzatzea”.
Helduei dagokionez, gazteen aisialdiaren kudeaketan jarri dute fokua aurten, pandemiak eragindako azken bi urteetako “egoera bereziaren ondoren” hartu zuten erabakia. Hala, familiei informazioa, aholku edota orientaziorako gunea eskaini diete.
Herrian eskolatutako gazteek galdetegi bana erantzun zuten joan den ekainean, guztira 700 izan ziren. Bereziki drogen kontsumoari eta adikzioei lotutako iritziak jaso zituen udalak. Orain, jasotako datuak aztertzen ari dira, eta ikastetxeekin partekatu ondoren, emaitza esanguratsuenak komunitate osoarekin partekatuko ditu udalak. “Argi gelditu da emaitzetan kanpainaren leloa erabat barneratuta dagoela gazteen artean”.
Datozen egun eta asteetan, gazteek hala eskatuta, 250 botila banatuko dira 12-25 urte bitarteko gazteen artean. Kartelak ere jarriko dituzte kaleetan, kanpainaren leloarekin, honako mezuekin: Ez diegu 18 urtetik beherakoei tabakorik eta alkoholik saltzen; Giro ona dugu, errespeta itzazu pertsona guztiak eta jokaera eta kontsumo arduratsua izan ezazu; Edozein zailtasun edo eraso egoera gertatzen zaizula eska iezaiezu laguntza barran dauden pertsonei.
Jaiak hasi baino lehen ostalariei eta txosnetan ariko direnei formakuntza emango diete, hilaren 31n hain zuzen (asteazkena da). Horri lotuta, erabilera bakarreko alkoholimetroak ere banatuko dituzte datozen jaietan.