Guztion Alardea: "Hondarribiko Alardea berreskuratu behar dugu"
Herri plataformak Alarde Fundazioaren ikuspuntuari kritika egin dio, eta udaletxeari erantzukizun zuzena esleitu dio.
[Eguneraketa] Guztion Alardeak larunbatean egingo zuen agerraldia irailaren 2ra mugitu du, arazo burokratikoak medio. Hitzordua arratsaldeko 18:30ean finkatu dute, Gernikako Arbolan.
Bi urte luzez alarderik antolatu gabe egon ostean, irakurketa bat plazaratu du ere plataformak. Jaiak pare bat aste barru hasiko dira, eta Guztion Alardeak alardearen inguruan herrian sortutako gatazkaz hitz egiteko tartea hartu du, baita beronen gaindipenerako azken hilabeteetan azaleratu diren bideez ere.
Kideen arabera, ez dago herritar orok jaiak nahieran bizitzeko aukerarik. Izan ere, “jada, atzera bueltarik ez duten konponbidearen oinarriak ezarri dira”. Hondarribiko Alardeaz ari dira, eta behintzat, jaiak igarota elkarrizketa mahaia sortzera egin dute dei. Izan ere, Alarde Fundazioak uko egin dio ekainean 64 emakumek alardean parte hartzeko egin zuten eskariari. Guztion Alardearen arabera, ukapenaren arrazoiketa tradizioaren biziraupena bermatzean oinarrituko litzateke. Zehatz mehatz, “arbasoek helarazi ziguten moduan egiten den Alardeari eustean”. Honakoa inondik inora ere elkarbanatzen ez duten ikuspuntua da: “Alardea, eta edozein tradizio maite duenak, haren esentzia mantentzea eta bere etorkizuna bermatzea bilatu beharko luke. Eta noski, emakume batek danborra edo txibilitua jotzeak ez du Alardearen esentzia inondik inora aldatzen”.
Alardearen antolatzaileei bi desfile existitzeak zuzenki “arbasoek helarazitako Alardearen kontra” egiten duela adierazi diete. Izan ere, alardeak mendez-mende uneko errealitatera egokitzeko egindako aldaketengatik ez balitz, Guztion Alardearen ustez Hondarribiak ez luke alardea jasotzeko aukerarik izango.
Bukatzeko, udaletxeari gatazkaren konponbidean duen erantzukizun zuzena gogorarazi diote. Era berean, Guztion Alardeak Hondarribiko Alardea berreskuratzera egin du dei: guztiona eta guztiontzako izango dena.
Agiri osoa esteka honetan sakatuta irakurri daiteke.