Barrakak "bidasoar guztien eskura" jarri nahi ditu EH Bilduk
Urtetik urtera barraken prezioek gora egin dutela salatu dute, eta hori familientzat "oztopo" bilakatzen ari dela. AFADErekin hitzarmena sinatzeko eskatu diete Hondarribiko eta Irungo Udalei.
Bidasoko EH Bilduk eskaera zuzena egin die Hondarribiko eta Irungo Udalei, AFADErekin (Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartea) hitzarmena sinatzeko eskatuz, jaietako barrakak arautzeko beharra nabarmendu baitu koalizio subiranistak. Neurri honekin datozen Hondarribiko jaietan barrakak “guztien eskura” egongo liratekeela esan dute eskualdeko ordezkariek, “eta herriko haur eta gazte guztiek horietaz gozatzeko aukera izango lukete”. EH Bilduk gobernatzen duen inguruko udaletako batean gehienezko prezioak 2 eurokoak izan direla nabarmendu dute, eta horrez gain, bonoak ateratzeko aukera ere eman dutela.
Urtetik urtera barraken prezioek gora egin dutela salatu dute, eta hori familientzat “oztopo” bilakatzen ari dela. Adingabeen oinarrizko eskubidetako bat aisialdirako sarbidea dela gogoratu dute, aisialdian eta jolasean emandako denbora “funtsezkoa baita txikienen garapen fisiko eta psikologiko egokirako” taldearen ustez.
Eskaera honi lotuta, barraketan euskarazko musika jartzeko eskaera ere egin dute, “feriak ere euskararako arnasgune izan daitezen”.