Asteburu ia biribila Santiagotarrakeko kirolarientzat
Extrem Eslalomeko eta Eslalom Olinpikoko Espainiako Txapelketak jokatu dituzte asteburuan klubeko 29 ordezkarik. Dominaz beteta itzuli dira irundarrak.
Dominaz betetako asteburua izan da Santiagotarrak klubeko kirolarientzat. Pasa den asteburuan Leongo (Espainia) Sabero herrian Extrem Eslalomeko eta Eslalom Olinpikoko Espainiako Txapelketak jokatu zituzten irundarrek, emaitza oso onekin gainera. Ur bizien sekzioko 29 piraguista bertaratu ziren. Taldekako emaitzei dagokionez, Extrem Eslalomekoan bigarren postua eskuratu zuten, eta hirugarrena Eslalom Olinpikoan.
Taldekako postuez gain, dominei dagokionez, Extremen orotara hiru poltsikoratu zituzten, bat urrezkoa (Javier Arruabarrenak K1 juniorrean), eta brontzezko bi (K1 seniorrean Klara Olazabalek eta K1 juniorrean Aitor Iriondok). Olinpikoan ordea, hamar irabazi dituzte guztira: Klara Olazabal zilarra izan zen C1 seniorrean, eta Ander Elosegi, Mikel Ormazabal eta Haritz Azanzak osatutako patruilak ere urrezko domina eskuratu zuen. Elosegi ere brontzezko domina bat poltsikoratzeko gai izan zen C1 seniorrean, Izar Garcia ere C1 juniorrean, Joan Crespo K1 seniorrean, Javier Arruabarrena K1 juniorrean eta Jone Otaño K1 beteranoetan.
Asteburuan lehiatutako hainbat piraguista bertan geratu dira, datorren asteburu honetan jokatuko duten Gazteen Eslalomeko Espainiako Txapelketa prestatzen ariko dira egunotan.