Hondarribia Euskotren Ligara igo da
Asteburuko emaitzen ostean, igoera ziurtatu dute Hondarribiako emakumeek. Itxaso Goikoetxea arraunlariarekin hitz egin du HITZAk.
![Hondarribia Arraun emakumeak](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2018/06/DSC0079b.jpg)
Hondarribiako emakumeak Euskotren Ligara sailkatu dira. Emakumeen maila goreneko ligan lau traineru lehiatu dira orain artean. Bada, datorren urteko denboralditik aurrera formatua aldatu eta zortzi arituko dira; horietako bi urtero ETE Ligatik igotakoak izango direlarik. Hondarribia lehenengo da sailkapenean eta hogeita sei puntura du Deusto, hirugarrena. Hori dela eta, bandera baten faltan (datorren asteburuan ETE Ligako traineruak Erandiora mugituko dira), igoera ziurtatu du Hondarribiak.
“Denboraldi hasieran bi helburu jar zitezkeela ikusi genuen: lehena, Euskotrenera igotzea, formatu berria ikusita; eta bigarren helburua gure liga irabaztea zen” adierazi du Itxaso Goikoetxea arraunlariak, urteko helburuei buruz galdetuta. Orain, azken estropadan bigarren helburua erdiestea da asmoa. Datorren urteko denboraldiari buruz ere mintzo da Goikoetxea: “ez dakigu ea zortzi traineru egonda, maila parekatuko den eta distantzia txikiagoa egongo den lehen eta azkenaren artean. Gure helburua onenen artean egon eta urtez-urte maila igotzea izango da”.
Bestela, joan den asteburuan Zarauzko Arraun Elkartearen Emakumezkoen II. Bandera irabazi zuen traineru hondarribiarrak, 11:19,26-ko denborarekin. Igandean Bilbora mugitu ziren, Ane Aizpururen Omenezko II. Bandera lehiatzera. Orduan, bigarren sailkatu zen, aurretik Deusto izan zuelarik, segundo batera. Orotara 117 puntu bildu ditu Hondarribiak orain artean. Itxaso Goikoetxearen ustez “Euskotrenen gaudenik ezin sinistuta gaude, baina giro aparta dugu taldean. Kanpora begira hori transmititu dugula esango nuke”.
Hurrengo asteburuan, Bizkaira hurbilduko dira ETE Ligako emakumeak, azken banderaren bila:
-
Abuztuak 28, igandea: Erandioko XXXV. Bandera, arratsaldeko 18:00etan.
Kontxako banderan (bi asteburu barru lehiatuko da), maila eman eta aurkarien pare egotea izango da Hondarribiaren helburua.