Hondarribiako traineruak, Zarautz eta Bilbon emaitza onak lortzera
ETE eta Eusko Label Ligan, sailkapen orokorraren lehian eustea izango da helburua. Hondarribia B-k emaitza onei eutsi nahiko die.
ETE Liga
Azken bi banderak irabazita, sailkapen orokorraren lehia bete-betean daude Hondarribiako emakume arraunlariak. Lehenengo daude, baina Hibaika lau puntura dute, eta bai Zarautz bai Bilbon denbora onak egin beharko dituzte lehiari eusteko. Horretarako, bihar Zarautzera mugitu beharko dute. Ez da itsaso barerik espero, metrotik gorako olatuak tarteko. Igandean Bilbora gerturatuko dira.
Hauek dira asteburu honetako hitzorduak:
- Bihar, larunbata: Zarautz Arraun Elkartearen Emakumeen II. Ikurriña, goizeko 10:30etatik aurrera.
- Etzi, igandea: Ane Aizpururen omenezko II. Oroimen Estropada, Bilbon eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Eusko Label Liga
Bi egunez jarraian, Zarautzen. Hori da Hondarribiako arraunlariei asteburu honetan dagokiena. Izan ere, jardunaldi bikoitza lehiatuko dute Eusko Label Ligako traineruek Gipuzkoako kostaldeko herrian: bihar eta etzi, Zarauzko XLV. Ikurriña egongo da lehian. Hondarribiak Castroko bandera irabazi zuen joan den asteburuan, eta sentsazio onekin jarraitzea izango da helburua. Bigarren da sailkapenean, eta hiru puntura besterik ez du Urdaibai.
Hauek dira asteburu honetako hitzorduak:
- Bihar, larunbata: Zarauzko XLV. Ikurriñaren lehen jardunaldia, arratsaldeko 18:10etatik aurrera.
- Etzi, igandea: Zarauzko XLV. Ikurriñaren bigarren jardunaldia, eguerdiko 12:10etatik aurrera.
KAE1 Liga
Hondarribia B sailkapen orokorraren erdialdean dabil. Ez ordea, joan den asteburuan sailkapenaren erditik aurrera gelditu zen bai Castro, baita Plentzian ere. Bizkaiko estropadan hirugarren denbora onena egin zuen traineruak. Hori horrela, lau saio besterik ez dituzte aurretik, eta gizonezkoen bigarren taldearen zeregina ahal bezain aurreren gelditzea izango da.
Hauek dira asteburu honetako hitzorduak:
- Bihar, larunbata: Zarautz Arraun Elkartearen XIII. Ikurriña, goizeko 11:30etatik aurrera.
- Etzi, Igandea: Bilboko XLIX. Ikurriña, eguerdiko 12:00etatik aurrera.