Igandero berezia, Espainiako Itzuliaren harira
Egitarauaren baitan, ginkana, bizikleta zirkuituak edota tailerrak antolatuko dituzte. Igandetik hasita, trafiko aldaketak egongo dira.
Datorren abuztuaren 24ean, asteazkena, Espainiako Itzulia txirrindulari lasterketaren bosgarren etapa Irundik abiatuko da. Ostiralean ekingo diote kirolariek, Herbeheretan. Lehenengo hiru etapen ostean, Euskal Herrira hurbilduko da tropela: Arabara lehenengo, eta Gipuzkoara asteazkenean.
Atzo eguerdian, bada, Espainiako Itzuliari harrera egiteko ekimena aurkeztu zuten: Igandero egitasmoaren jardunaldi berezia ospatuko dute asteburu honetan. Aurkezpenean Borja Olazabal udaleko kirol zinegotzia, Irungo Txirrindulari Elkarteko presidente Edurne Izagirre, eta Kromosoma enpresako ordezkariak egon ziren.
Egitarauari dagokionean, goizeko 10:30etatik 13:00era ginkana eta txirrinda zirkuitua antolatuko ditu Irungo Txirrindulari Elkarteak. Era berean, udaltzaingoarekin batera, eguerdiko 12:00etan hilaren 24ean tropelak hiritik egingo duen ibilbidea zeharkatzeko aukera izango dute herritarrek. Bestela, jolasak, serigrafia tailerrak, parte-hartzaileentzat oroigarriak edota erakusketak egongo dira Zabaltza plazan.
Trafiko aldaketa eta mozketak, igande zein asteazkenean
Igandean, ohi bezala, zirkulazioa eten egingo da Iparralde eta Gipuzkoa hiribideetako bidegurutzeen artean, goizetik arratsaldeko 18:00ak arte. Irunbusek, hala, tarteko geralekuak bertan behera utziko ditu behin-behinean. Asteazkeneko etapari begira, ordea, kirol ekimenak aparkalekuetan izango du eragin nabarmenena. Izan ere, pelotoia igaroko den kale bakar batean ere ezingo da aparkatu, astelehenetik asteazkenera. Udalak aparkaleku alternatiboak eskainiko ditu. Aldaketa guztiak, esteka honetan kontsulta daitezke.