Auto ilarekin "etsita eta aspertuta" dago Santano
Atzo erdigunean eta sarbide nagusietan emandako kolapsoaz aritu da alkatea, eta kezkati agertu da datozen egun eta asteetan gertatu daitekeenarekin, "iparraldera doazen milaka ibilgailuk izango duten eragin garrantzitsuagatik".
Jose Antonio Santano alkateak agerraldia eskaini du gaur, atzo arratsean hiriguneko erdialdean eta sarbide nagusietan gertatutako auto ilarez aritzeko. Ilara kilometrikoak izan ziren, ehunka eta ehunka ibilgailuk hiria kolapsatu zuten.
Atzo gertatutakoarekin “etsita eta aspertuta” dagoela esan du alkateak. “Badakigu gertakari hori abuztuaren amaieran gertatzen dela beti, baina egiaztatu ahal izan dugu agian aurten Biriatuko bidesari batek eta haren kudeaketak areagotu egin dutela kontua, eta gainera, kontrolak ere jarri dituzte, eta horrek guztiak autoak pilatzea dakar, eta batzuetan, bidesarian gauza ez doa batere arin”, esan du Santanok.
Atzo ikusitakoaren harira, alkatea kezkati da datozen egun eta asteetan gertatu daitekeenarekin, “iparraldera doazen milaka ibilgailuk izango duten eragin garrantzitsuagatik”. Irtenbideak eskatu ditu, “uneren batean ausardiaz jokatuz, aldaketa batzuk egin beharko dira bidesari horretan, hiriak ez baitauka jasan beharrik atzo arratsaldekoa”.
Elkarrekin Podemos-IU taldea ere kezkati agertu da atzo gertatutakoarekin eta gaur bertan adierazpen bat aurkeztu du udalean, irtenbide bat bilatuz eskatzeko. Udal gobernua egoera horren jakitun zela eta aurreikuspenetarako denbora izan zuela leporatu diote Santanoren taldeari.