Ostiralean ekingo diote Girabiraren zortzigarren edizioari
Familiak deitu dituzte Alai Txoko parkean elkar daitezen. Tailerrak, antzezlana, eta DJ emanaldia eskainiko dituzte.
Urtero legez, udalak Girabira kultura egitasmoa antolatu du datozen hilabeteetarako. Proiektuak hiriko parkeak ditu oinarri, eta, inguruak hobeto ezagutzeko xedez, arloz-arlokako jarduerak proposatu dituzte. Aurtengo gaiak antzerkia, zirkua, dantza, eta Txikimusika izango dira. Horien baitan, tailerrak, piknikak, eta orotariko emanaldi nahiz kontzertuak antolatu dituzte.
Girabira “tourraren” lehen geltokia Alai Txoko parkea izango da, ostiral honetan (hilaren 19an). Bertan, antzerkia landuko da, eta egitarau oso bat garatuko dute arratsaldetik aurrera:
Arratsaldeko 18:00etan, tailerrak
Maider Galarza narratzaile, aktore eta antzerki monitoreak eskainiko du bat, Xabier Artieda antzerki fisikoan adituak beste bat; eta hirugarrenik, “Artean Espazioan”-ek sormen tailerra eskainiko du. Tailerrak euskaraz izango dira, plaza mugatuekin, eta parkean bertan eman beharko da izena.
Gaueko 20:00etan, “Ahora sí que sí” komedia musikala
Paki eta Lola bi adiskideek emakumeek haien denbora lehentasun bilakatzeko hausnarketak egingo dituzte taula gainean, abesti ezagunak abestuz.
Gaueko 21:00etan, Fribotik DJa
Girabira antzerkirako bereziki pentsatutako emanaldia eskainiko du.
Egitaraua familiei begirakoa da batik-bat, eta antolatzaileek parte-hartzaileak piknika egitera bultzatu nahi izan dituzte. Irailean eta urrian, beste hiru hitzordu antolatuko ditu Girabirak.