Hemen da XXI. Bidasoa Folk jaialdia
Jatorri ezberdineko bost kontzertuk Txingudi badiako hiru udalerriak musikaz blaituko ditu asteburuan zehar. Doakoak izango dira.
Datorren asteburuan abiatuko da, hogeita batgarrenez, Txingudiko Partzuergoak antolaturiko Bidasoa Folk jaialdia. Ostiraletik igandera, emanaldi ezberdinak eskainiko dituzte Hendaia, Irun eta Hondarribian. Partzuergoko ordezkarien arabera, Txingudi badiako hiru udalerrien arteko lankidetza espiritua sustatzea da helburua.
Artistei dagokienez, jatorri ezberdinetakoek hartuko dute parte aurtengo edizioan: Maroko, Portugal, Aragoi, Galizia, Andaluzia eta Euskal Herriko musikariak egongo baitira taula gainean.
Hori horrela, hauxe izango da astebururako antolaturiko egitaraua. Emanaldi guztiak doakoak izango dira:
Abuztuak 19, ostirala
- Hendaiako Gazteluzahar frontoian, gaueko 21:00etatik aurrera: Mitchel Etxeberri bakarlaria, eta O’Carolan taldea ondoren.
Abuztuak 20, larunbata
- Hondarribiko Arma plazan, gaueko 21:00etatik aurrera: Ensemble Andalusi de Mediterraneo taldea, eta Celina da Piedade bakarlaria ondoren.
Abuztuak 21, igandea
- Irungo Junkal plazan, gaueko 20:00etatik aurrera: Uxia & Javier Ruibal bikotea.
Kontzertu eta artistei buruzko informazio osoa esteka honetan sakatuta eskura daiteke.