Aurrera doa 'Kalez kale Hondarribia hobetzen' programa
Egunotan hainbat lan egiten ari dira Txiplao industrialdean eta Kosta, Errebellin eta Donostia kaleetan. Datozen asteetan "urrats erabakigarriak" emango direla zehaztu du udalak.
‘Kalez Kale Hondarribia hobetzen’ programa aurrera doa, hainbat lan egiten ari dira egun Txiplao industrialdean, Kosta, Errebellin eta Donostia kaleetan. Hasieratik markatutako epeak betetzen ari direla zehaztu du Gonzalo Carrion zinegotziak. “Abuztuaren erdian bagaude ere, gogoratu nahi dut etengabe ari garela lanean hiriko puntu desberdinetan. Hala, Kosta kalean, Errebellin kalean, Txiplao industrialdean eta Donostia kalean ari gara hiritarren bizi kalitatea hobetu nahi duen programa handi honekin”, esan du.
Datozen asteetan “urrats erabakigarriak” emango direla erantsi du zinegotziak. Udalaren asmoa, lanak hauek bukatuta, hiriko beste puntuetara joatea da, esaterako, Sabin Arana, Bidasoa Ibilbidea, Axular eta Irun kaleetara.
Zinegotziak nabarmendu nahi izan duenez, programa honek “mugikortasun justuagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa lortzea” du helburu. Programa osorako aurrekontua 3.329.404,07 eurokoa da. Martxoan hasi ziren lehen lanekin, eta 15 hilabetez luzatuko dituzte obrak.