Ioseba Amunarriz: "Kezkak alde batera utzi ditugu"
Eusko Label Ligan, Hondarribiak Castroko bandera bereganatu zuen igandean. ETE Ligan, emakumeek maila erakutsi zuten ere, larunbatean.
Joan den asteburuan, Castro-Urdialesen (Kantabria) lehiatu zuten Eusko Label Ligako traineruek urteroko Caixabank Bandera. Lehenengo bi luzeetan Donostiarra Ur Kirola 100ek aurrea hartu bazuen ere, bukaerako bietan hondarribitarrak nagusitu ziren. Asteburuaren aurretik hirugarren zen Hondarribia, baina puntuak berreskuratu eta sailkapen orokorreko bigarren postura igo da.
Oarso Bidasoko HITZAk Ioseba Amunarrizekin hitz egiteko aukera izan du. Patroiaren arabera, “konfiantza berreskuratzeko astea” izan zen, duela bi jardunaldiko emaitzengatik. Hala, “kezkak alde batera utzi, Ondarroan estropada on bat egin eta Castron irabaztea lortu genuen”.
ETE Ligan ere, bandera Hondarribira
Larunbatean lehiatu zuten, ordea, ETE Ligako emakume arraunlariek Castroko bandera. Hondarribitarrek denbora onena ezarri zuten (11 minutu, 34 segundo, eta 05 zentesima), hiriko bandera bereganatuz, bigarren jardunaldiz jarraian. Deustoko emakumeak are eta gehiago aldentzea ez ezik, Errenteria-Oreretako Hibaika traineruari lau puntuko tartea ireki diote sailkapen nagusian.