Azken eraso matxistaren harira Santanoren jarrera "onartezina" dela salatu dute
Larunbateko bortxaketa salatzeko alkateak "bakarrik" elkarretaratze bat deitu duela salatu du M8 Asanblada Feministak, "Berdintasun Batzordeari eta parte hartzen duten elkarteei galdetu edo errespetatu gabe". Errespetu falta eta konpromiso eza leporatu diote.
Gaur eguerdian San Juan plazan biltzera deitu ditu irundarrak Irungo Udalak, joan den larunbatean izandako bortxaketa salatzeko elkarretaratzea deitu baitute. 12:00etan bilduko dira.
Jose Antonio Santano alkateak elkartasuna adierazi dio erasotutako emakumeari, eta une honetan behar dituen zerbitzu eta erraztasunak eskaini dizkio: “Sentitzen dugu zer gertatu den, eta horren aurrean gaitzespenik irmoena agertu nahi dugu. Gizarte honek ez dauka bizi beharrik tamalez gaur Irunen izan den bezalako erasorik, baina gure gizartean ohikoegiak bihurtzen ari dira horrelakoak. Ezin dira justifikatu eta horien aurka egin eta irmotasun osoz salatu behar ditugu. Zero tolerantzia erakutsi behar dugu horrelako delituzko gertaeren aurrean”. Adierazpen instituzional bat ere adostu dute udalean ordezkaritza duten talde guztiek, hemen irakur daiteke osorik.
M8 Bidasoa Asanblada Feministak gogor jo du Jose Antonio Santano alkatearen kontra, haren jarrera “onartezina” dela salatu berri baitute. Izan ere, diote “bakarrik” elkarretaratze bat deitu duela alkateak, “Berdintasun Batzordeari eta parte hartzen duten elkarteei galdetu edo errespetatu gabe”. Errespetu falta eta konpromiso eza leporatu diote Santanori. Bide batez, kaleak hartzeko premiaz ere aritu dira, “Irungo emakumeen eskubideak eta askatasunak urratzen dituen edozein eraso gaitzesteko eta erabat arbuiatzeko”.