Hondarribia reggaearen herri bihurtuko da larunbatean
Laugarren Hondarribia Reggae Town festibala egingo dute datorren larunbatean. Sekula baino osoagoa izango da aurtengoa.
Hondarribia Reggae Town bueltan da, eta udal ordezkari nahiz arduradunek esan dutenez, sekula baino eskaintza handiagoarekin dator aurtengo edizioa. Mikel Camps eta Aimar Setien antolatzaileek aste hasieran egin zuten aurkezpena, udal ordezkariekin batera.
Laugarrena izango da aurtengoa, eta, aurreko hiru edizioetako arrakasta ikusirik, finantziazioa handitzea erabaki du Hondarribiko Udalak 2022rako. Horrek ahalbidetu du, aldi berean, sekula baino programa osoagoa prestatu ahal izatea.
Hasiera batean datorren larunbatean, hilak 13, Kasino Zaharreko lorategian egingo dute reggaearen festibala, baina oraingoz euria egingo duela dirudienez, litekeena da kokalekua lekualdatzea. Berria zein den udal iturrietatik nahiz festibalaren Facebook eta Instagram kontuetan iragarriko dute, kasu horretan.
Familientzako ere
Aurten, berritasun gisa, aurrekoetan baino esfortzu handiagoa egin dute antolatzaileek eskaintza txikienei ere hurbiltzeko. Hori horrela, haurrentzako jolasak, slackline ikastaroa edota dancehall tailerra egingo dituzte, besteak beste.
Horrekin batera, artisau postuek hartuko dute Hondarribia. Bertoko nahiz Irungo eta eskualde osoko artisauak gonbidatu dituzte euren produktuak salgai jartzera. Eremu girotuan ipiniko dituzte saltokiak, 15:00etan abiatuko baitira lehen emanaldiak.
Bi agertoki izango ditu reggaearen jaialdiak: lehena, ohiko oholtza bat, musika taldeentzat; bestea, soundsystem agertokia, reggaearen hastapenetara bueltatuz, kalean eta lurrean, bozgorailuekin, oholtzarik gabe abestuko dute artistek.
Gonbidatutako abeslarien artean Blackout Ja eta General Lee nabarmendu dituzte, biek ala biek Kingstonetik (Jamaika) egingo baitute bidea 2022ko Hondarribia Reggae Town festibalean parte hartzeko. Horiez gain, Bad Sound, Mad Muasel, Son de Rue, edo Errege Sound Systemek ere parte hartuko dute jaialdian. Raquel Koromaren dancehall ikastaroak emango dio hasiera egitarauari, 15:00etan.
Handiagoa
“Festibala handitu dugu aurten”, esan dute antolatzaileek, “beste urteetan arrakasta handia izan duenez, ekipoa handitu dugu, eta baita argiztapena ere: kasino guztia argiztatuko dugu, ahal den heinean”.
Bestalde, girotze lanetan ere egin dute ahalegina. Dekorazioa Julen Zapirain Mr. Woodman-en esku utzi dute; egurra lantzen duen artista hondarribiarra da bera, eta festibaleko barrak, zakarrontziak nahiz chillout zonalde bat prestatuko ditu hark. “Inguru guztia askoz politagoa izango da”.