Irun, Espainiako Vuelta betean
Txirrindularitza probaren 5. etapa Colon ibilbidetik irtengo da hilaren 24an. Ostalari eta merkatariek eskaintza bereziak egingo dituzte.
Irun Espainiako Vueltan murgilduko da hilabete honetan. Lasterketaren 5. etapa hilaren 24an -asteazkena- irtengo da Colon ibilbidetik, eta dagoeneko prestatzen ari dira hiria, kirol ekitaldi handiari harrera egiteko.
Juncal Eizaguirre Hiri-bultzadako ordezkariak gaur iragarri du, Bidashop merkatari elkartearekin eta Denok Bat elkarteko ostalariekin batera, bi sektoreek ere txirrindularitzaren festan parte hartzeko asmoa dutela.
Merkataritza eta ostalaritza eskaintza
Saltokiek hilaren 23 eta 24an stockaren azoka egitea aurreikusi dute, denboraldi bukaerako deskontu bereziak eskainiz erosleei. Honakoek hartuko dute parte: Marrubi, Jeca chico, Jeca chica, Bost chico, Bost woman, Papperino, Neska Polita, Eko Irun, Mery Berry, De perita, Ferretería Gaztelu, Kealbistur, Paper y +, Kolon Menaje eta Hirubelar loredenda.
Ostalaritzari dagokionez, menu eta pintxo bereziak eskainiko dituzte Altzola, Juanita, Felix Manso, Arkupe eta Don Jabugon.
Txikienentzako
Esandakoaz gaindi, hilaren 24an bertan, pelotoia San Juan plazatik igaro ondoren, zenbait jarduera antolatuko dituzte familientzako. Hala nola, Txiribueltak haurrentzako jolasak egingo ditu, txirrindularitzarekin lotutako jolasgunea ere egongo da, tailerren gune bat, maillot diseinuaren lehiaketa bat eta etaparen ibilbidearekin apainduko da horma irudi bat.
Pantaila bat ere jarriko dute lasterketa zuzenean jarraitu ahal izateko, eta 5. etaparen iritsieraren emozioa zuzenean bizitzeko. Horrez gain, Kromosoma Tailerrak bizikletetatik birziklatutako piezak ekarriko ditu, jostailu bihurtuta, eta Brioche Pasquierren eskutik askaria eta bizikleta zirkuitua antolatuko dituzte gaztetxoentzat.
Baina ez hori bakarrik, hilaren 19an, igandearekin, Igandero saio berezia izango da txirrindularitzaren gaiari lotuta.
Vueltaren ibilbidea
Colon ibilbidetik abiatuta, Zabaltza plazaren ondoan, pelotoia Iparralde hiribidetik jaitsiko da Santiago kaleraino, eta Junkal kalea zeharkatuta San Martzial karrika igoko dute, Urdanibia plaza alde batera utzita.
Lasterketa San Juan plazara iritsiko da, udaletxearen aurretik, eta Karrika Nagusiko harzola igoko dute. Ondoren, Artaleku kaletik eta Elizatxo hiribidetik barrena aterako dira hiritik.
Eragindakoak: trafikoa, aparkalekua eta zaborra
Udal iturrietatik jakinarazi dute proba Irundik pasatzeak eragina izango duela trafikoan, batez ere aparkalekuetan. Zehaztu ahala, xehetasunez emango dute horren berri, baina aurreratu dute lasterketa igaroko den kale guztietan ezingo dela aparkatu, hilaren 22tik -datorren astelehena- 24ko arratsaldera bitartean. Egun horretan bertan, gainera, zirkulatzea debekatuta egongo da irteera hasi baino ordu batzuk lehenago.
Honakoak dira eragindako kaleak: Hondarribia, Zubiaurre, Colon, Iparralde, Bidasoa, Santiago, Junkal, San Martzial, Nagusia, Artaleku, Gipuzkoa, Berrotaran, Joaquin Gamon, eta Argentinar Errepublika.
Udalak aparkaleku alternatiboak jarriko ditu hilaren 19tik aurrera Dunboa ikastetxean, Leka Enea ikastetxean, Pio Baroja institutuan eta Bidasoa Lanbide Heziketako institutuan.
Bestalde, segurtasunagatik, hondakinak biltzeko edukiontzi multzo batzuk behin-behinean lekualdatu beharko dira. Gainera, hilaren 23an, goizez, eta 24ko arratsaldean,, lasterketa igaro arte, bilketa puntu hauek kenduko dira: Iparralde hiribidea (Alcazar hotela), Colon ibilbidea 31, eta Colon ibilbidea 54.