Futbolean, kluben arteko errespetua eskatu du Mariño KEk
Denboraldi batetik bestera 40 jokalari galduko ditu Irungo futbol elkarteak. Zenbait beren kabuz joan dira, gainontzekoak, beste klubek fitxatuta alde egingo dute, kluben aldez aurretiko elkarrizketarik gabe.
Irungo Mariño Kirol Elkarteak futbol taldeak komunikatu ofizial bat egin du datorren denboraldiari begira. Izan ere, denboraldi batetik bestera 40 jokalari galduko ditu Irungo futbol elkarteak. Zenbait beren kabuz joan dira, gainontzekoak, ordea, beste klubek fitxatuta alde egingo dute, kluben aldez aurretiko elkarrizketarik gabe.
Mariñoko 2010, 2008 eta 2006 urteko zortzi jokalari Antiguoko Kirol Elkartera joango dira datorren urtean. Hori dela-eta, gutun bat bidali zioten egoeraren inguruan hitz egiteko eta hausnartzeko asmoz. Talde donostiarretik erantzunik jaso ez dutela azaldu du talde irundarrak.
Mariño KEren ustez, mota honetako fitxaketek kluben iraupena arriskuan jar dezakete eta beharrezkoa ikusten dute kluben artean “errespetuz jokatzeko konpromisoa hartzea”, modu horretara elkarren artean “hazten laguntzeko”. Ildo berean, kirol elkarteak, formakuntza lanak eskatzen duen denbora eta lana balioan jarri nahi izan du.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako futbol elkarteetako kudeaketa arduradunei zuzenduriko komunikatuaren bidez, “futbolean kluben arteko errespetua” eskatu du Mariño Kirol Elkarteak.
Komunikatu osoa irakurtzeko egin klik hemen.