Aitor Gorrotxategi irundarra, esprintean munduko zazpigarren
Sprint Olinpikoko Munduko Txapelketan, Kanadan, zazpigarren egin zuen irundarraren K-2 ontziak. Hiru eguneko norgehiagoka izan zen.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2022/08/itor-gorrotxategi-piraguista.jpeg)
Hilaren 3tik 7ra bitarte Halifaxen (Kanada) Sprint Olinpikoko Munduko Txapelketa lehiatu zen, eta bertan izan zen Aitor Gorrotxategi irundarra (Santiagotarrak-Urbycolan), K-2an, Pedro Vazquez asturiarrarekin elkarlanean.
Norgehiagoka ostegunean hasi zen, eta lehen uretaratze hartan Gorrotxategi eta Vazquezek ez zuten egin esperotako lasterketa, eta beraz, ez zuten lortu finalerako zuzeneko txartela. Hori horrela ere, ostiraleko finalaurrekoan lehen egin zuen haien K-2ak, final handirako ateak parez pare zabalduz.
Igande arratsaldean heldu zitzaien onena emateko garaia, eta, egindako lanarekin, munduko zazpigarren sailkatu ziren irundarra eta asturiarra. Lehenaren bidea, baina, ez da hor bukatu, hurrengo astean Europako Absolutua lehiatuko baita Munichen (Alemania), eta txapelketa horretarako ere sailkatu baita Gorrotxategi. K1-ean arituko da orduko horretan, 1.000 metroko distantzian.