Udala: "Energia aurrezteko dekretura egokitzeko lanean ari gara"
Irungo udal eraikin nagusiek 22:00etan itzali beharko dituzte bertoko argiak datorren asteko asteartetik aurrera.
Irungo Udalak adierazi du erakundea “lanean ari” dela energia aurrezteko dekretu berrira egokitzeko. Datorren astetik aurrera zenbait neurri berri jarriko dituzte indarrean, hurrengo asteartean sartuko baita indarrean Energia Aurrezteko 14/2022 Lege Dekretua.
Hilaren 9tik aurrera martxan egongo den arauak honako aldaketa hauek eragingo ditu udal eremuan:
- Airearen tenperatura erregulatzea
- Esparru bakoitzean, informazio-kartelen edo pantailen bidez, unean-uneko informazioa eman beharko da. Besteak beste, airearen tenperaturari eta hezetasunari buruzkoa.
- Kaletik sarbidea duten eraikin eta lokalek ateak ixteko sistema egokia izango dute.
- Erakusleihoetako argiak eta eraikin publikoetako argiak itzalita egongo dira 22:00etatik aurrera.
- Eraginkortasun energetikoko ikuskapenak egiteko betebeharra duten eta azken ikuskapena 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen egin zuten instalazioek hurrengo ikuskapena aurreratu beharko dute.
- Abenduaren 31ra arte, eraikin eta instalazioen energia hobekuntzarako obra-, hornidura- edo zerbitzu-kontratuei publizitaterik gabeko prozedura negoziatua aplikatuko zaie, premia larriko arrazoiengatik.
Miguel Angel Paez alkateordeak azaldu duenez, udala energia aurrezteko hainbat neurri hartzeko lanean ari da dagoeneko, eta herritarren inplikazioa eskatu du bide horretan. Argiztatutako udal eraikin nagusiak (udaletxea, San Martzial ermita, Menchu Gal museoa eta Behobiako aduana zaharra) datorren asteartetik aurrera, 22:00etan itzaliko dira .