Garmendia: "Gogotsu gaude etxean estropada on bat egiteko"
Asteburuan estropada garrantzitsuak dituzte Oarso bidasoko traineruek. Denerako lehia egongo da, lidertza mantentzeko, eskuratzeko, banderak irabazteko edota maila ona erakusteko.
Asteburu honetan asko dago jokoan eskualdeko zortzi traineruentzat. Denerako lehia egongo da, lidertza mantentzeko edo eskuratzeko, banderak irabazteko edota maila ona erakusteko.
Eusko Label Liga (Hondarribia da Oarso Bidasoko ordezkaria)
Ama Guadalupekoa traineruak (EuskoLabel Ligan) Donostiarrari bi puntu kentzen dizkio une honetan eta estropadaro bezala ahalik eta puntu gehien eskuratzera irtengo dira hondarribiarrak. Asteburuan lider mantentzen saiatuko dira.
- Bihar (larunbata), 18:13an hasita, Hondarribiko XXV. Bandera – Mapfre Sari Nagusia.
- Etzi (igandea), 12:13an, Getarian, Getariako Ikurriña – 500. Urteurrena Saria.
EuskoTren Liga (Ez dago Oarso Bidasoko ordezkaririk)
- Bihar (larunbata) 17:40an, Hondarribian, Nesken Ondoan Bandera.
- Etzi (igandea), 11:40an, Getariako Ikurriña – 500. Urteurrena Saria.
ETE Liga (Hibaika eta Hondarribia dira Oarso Bidasoko ordezkariak)
Lehia itzela dago Hondarribiaren eta Hibaikaren artean. Puntu batera daude bi traineruak. Ontzi berdeko arraunlariak lidertza mantentzera eta estropadak irabaztera irtengo dira. Madalen ontziko arraunlariak, berriz, lidertza eskuratzera.
Astebururako gogotsu dago Miren Garmendia Hondarribiko traineruaren patroia. Larunbatean Ondarroan izango dute lehia, igandean, berriz, etxean arituko dira Hondarribiarrak. “Gogo asko dugu estropada on bat egiteko eta etxeko bandera eramateko” azaldu du Hernaniarrak. Etxeko estropadak beti izaten dira bereziak arraunlarientzako, baina horrek urduritasunak piztu ditzake: “normalean, etxean, ez zaizkigu oso estropada onak ateratzen, baina asteburuan horri buelta ematen saiatuko gara”.
ETE Liga oso estu doa. Joan den asteburuko jardunaldira berdinduta heldu ziren Oarso Bidasoko bi ontziak Hibaikak etxean garaipena eskuratu ondoren. Camargon Hondarribiak irabazi zuen, eta beraz, une honetan, puntu bateko errenta dute. “Asteburu garrantzitsua izan zen joan den asteburukoa, liga oso estu doa”. Deustu aldiz, zortzi puntura dute berdeek. Azken horrek, “lasaitasun puntu bat” ematen dietela azaldu du, etorkizunera begira duten helburua EuskoTren Ligara igotzea baita. Horretarako, lehenengo edo bigarren postuan amaitu behar dute Liga.
Denboraldia amaitzeko sei estropada geratzen diren honetan, orain arteko balorazio positiboa egin du Garmendiak: “Denboraldi polita egiten ari gara. Bigarren mailako liga bat izateko izugarrizko lehiakortasuna dagoela uste dut eta hori oso garrantzitsua da emakumezkoen arrauna sustatzeko”. Taldearen errendimenduari dagokionez pozik da, izan ere, “dugun talde gaztearekin eta hasi berriekin, udara oso polita egiten ari gara”.
- Bihar (larunbata), 12:00an, XXX.VIII. Ondarroako Bandera – Ondarroako Udala Sari Nagusia.
- Etzi (igandea), 10:00etan, Hondarribian, XiV. Txingudiko Bandera.
KAE1 Liga (San Pedro, San Juan eta Hondarribia B dira Oarso Bidasoko ordezkariak)
San Pedrotarrek lider jarraitzen dute (94 punturekin) eta asteburu honetan lidertza sendotzera irengo dira. San Juandarrak banderatik oso gertu geratu ziren aurreko asteburuan. Oraingoan, arantza hori kentzeko aukera izango dute arroxek. Hondarribiarrek (B ontziak) aldiz, etxeko estropadan beren aukerak bilatuko dituzte.
- Etzi (igandea) 11:30ean, Hondarribian, Arrantzaleen Kofradiako XVI. Bandera.
KAE2 Liga (Hibaika eta Trintxerpe-Illunbe dira Oarso Bidasoko ordezkariak)
Hibaika eta Ilunbe ontziak maila ona erakusten saiatuko dira. Errenteriarrak etxean arituko dira igandean.
- Bihar (larunbata), 11:00etan, XXXVIII. Ondarroako bandera – Gomitek Sari Nagusia.
- Etzi (igandea) 12:30ean, Errenteria Hiria IX. Ikurriña.