Ermita karrikako lanak lizitatu dituzte
Lehen faseak 730.00 euro pasatxoko aurrekontua du, eta zati bat Txingudiko Zerbitzuek jarriko dute. Urte erdi beharko da obrak bukatzeko.
Tokiko Gobernu Batzarrak Ermita karrika berrurbanizatzeko lanak egiteko proiektu teknikoa onartu du, baita lehenengo faseko lanen kontratazioa ere, 732.966 euroko (%21eko BEZa barne) aurrekontuarekin.
Lehenengo denbora tarte horretan, Ermita karrikaren mendebaldean esku hartuko dute, Ama Xantalen ermitatik, (karrikaren beraren eta Ibaieta ibilbidearen arteko bidegurutzetik) Santa Elena karrikako zubiko bidegurutzerainoko tartean, Dunboako kanalarekiko paralelo.
Etorkizuneko kalea
Gaur egun, honela dago antolatuta eremua: erdian errei bat dago, eta bazterrean, espaloi estu bat, etxebizitzetako atarietara daramana. Kanalaren ondoan dagoen espaloia, baina, “ez da paseatzeko modukoa”, udalaren arabera.
Aurreikusitako lanekin, besteak beste, kalea oinezkoentzat egokituko da, akabera eta zolagainak berrituko dira, baita azpiegiturak eta kaleko altzari nahiz argiak ere. Lorategi berriak jartzea ere aurreikusi dute.
Proiektuaren lehentasun nagusietako bat oinezkoei lehentasuna ematea denez. esku hartzen den eremu osoan oinezkoek eta ibilgailuek batera zirkulatzen duten espazio bat sortzea izango da abiapuntua; alegia, zirkulaziorako ez ezik, paseorako ere erabiliko den espazioa sortzea.
Lizitazioaren aurrekontua 732.966,71 eurokoa da, eta 222.890,92 euro Txingudiko Zerbitzuek jarriko dituzte. Lanak bukatzeko sei hilabeteko epea aurreikusi dute.