Babes ofizialeko hamar etxebizitza iraunkor eraikitzen ari dira
Alarde kalean daude, behin bukatuta, alokairuan jarriko dituzten hamar etxebizitza berriak. 2023an bukatzea aurreikusi dute.
Alarde kalean babes ofizialeko alokairuko hamar etxebizitza iraunkor eraikitzen ari dira. Hirian Passivhaus sistemaren baldintzak beteko dituen lehen eraikuntza da, eta horrelako eraikuntzek oinarrizko 7 printzipio bete ohi dituzte:
- Diseinu bioklimatikoa.
- Isolamendu termiko hobea.
- Zubi termikorik eza. Eraikinaren inguratzaile osoa dago isolatuta.
- Inguratzailearen hermetikotasuna. Kanpoko airea iragaztea eragozten du, eta beraz, baita energia galtzea ere.
- Prestazio handiko leihoak.
- Aireztapen mekanikoa, beroa berreskuratzekoa duena. Energia termikorik galdu gabe barrualdea etengabe aireztatzeko aukera ematen du, eta, gainera, barneko airearen kalitatea etengabea da.
- Eguzki babesa, etxebizitzak gehiegi bero ez daitezen.
Babes ofizialeko etxe horien alokairuko esleipena, eremu berean eraikitzen ari diren beste 42 etxebizitzekin batera, 2023ko lehen seihilekorako bukatu eta jakinaraztea aurreikusi du udalak.
2020ko aurrekontuen akordioan EH Bilduren zuzenketa bat sartu zen, eta horrek ahalbidetu zuen Alarde eremuan etxebizitza publikoko jarduketa bat egiteko beharrezko baliabideak bidera zitezen.