Datorren denboraldirako prestatzen hasiko dira gaurtik Artalekun. Aurretik, ongietorria egingo die jokalariei Gurutz Aginagalde presidenteak.
Jakub Skrzyniarz eta Julen Aginagalde
Bidasoa Irunek gaur berrartuko ditu Artalekuko entrenamenduak. Datorren denboraldian elkarren segidako laugarren aldiz arituko da taldea Europako Txapelketan, eta 25.ez Asobal Ligan.
Gaurko lansaioa hasi aurretik, Gurutz Aginagalde presidenteak ohiko ongietorria emango die jokalariei Artalekun, eta bideo eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute bertaraturiko zaleek. Hurrengo egunetan egingo da fitxaketa bakoitzaren aurkezpen ofiziala, eta datorren astean zehar, halaber, jarriko da jendaurrean sasoiko egutegia.
Jacobo Cuetara entrenatzailearen agindupean arituko dira jokalariak, nazioarteko txapelketetan parte hartu dutenak salbu. Alegia, batetik, Harbaoui Mehdi atezain frantziar-tunisiarra, uztailean Mediterraneoko Jokoak eta Afrikako Kopa jokatu dituena; eta bestetik, Europako lau txapeldun juniorrak (Eneko Furundarena, Gorka Nieto, Julen Urruzola eta Julen Mujika). Bostak hurrengo astean sartuko dira talde-dinamikan.
Aurrelanen tarte honetan, Cuetararen taldeak sei lagunarteko jokatuko ditu hilaren 12tik hasita. Era berean, jokalariek azterketa medikuak hasi zituzten joan den ostiralean. Goiko argazkikoak Jakub Skrzyniarz eta Julen Aginagalderen jokalariak dira, Quironsalud zentroan.