Euskal Jiraren 2022ko egitarauak "izaera berezia" du
Gaur eguerdian aurkeztu dute ostiralean abiatu eta igandean bukatuko den egitaraua. Egun handia, jakina, larunbatekoa.
Jakina denez, datorren larunbatarekin hartuko du lur 2022ko Euskal Jirak Irunen. Gaur goizean egin dute jaialdiaren aurkezpena udaletxean, eta udal ordezkariek ziurtatu dute aurtengoak “izaera berezia” izango duela. Juncal Eizaguirre Kultur zinegotziak eta Iñaki Olazabal Euskal Jirako lehendakariak egin dute eguerdiko aurkezpena.
Euskal Jiraren antolaketari buruzko lehenengo datua 1928koa da, baina oso litekeena da aurrez ere antolatu izana. Espainiako Gerra Zibilak iraun zuen bitartean eta gerraosteko urte luzeetan ezin izan zen egin, bi urtetan salbu (1951n eta 1955ean, Jostallu elkartearen ardurapean). Harrezkeroztik, 1979tik gaur arte etenik gabe ospatu da, Covidak jarduna eten arte.
Hirian sustrai sendoak dituen ospakizuna da Euskal Jira, eta badu bere partitura propioa ere. Primitivo Azpiazuk konposatu zuen, eta Bandak urtero jotzen du. “Euskal folklorearen, kirolaren, sukaldaritzaren, dantzaren, musikaren eta euskal kulturaren gainontzeko bereizgarrien erakustoki” gisa deskribatu dute jaia.
Antzinako usadio eta ohitura horiek gurdi batean irudikatzen saiatzen da talde bakoitza, eta kalejira egiten dute horiek Irunen barrena. Aurten bederatzik hartuko dute parte: Euskal Jira, Hendaia, Irungo Euskal Kirolak, Behobia, Meaka, Kemen, Santiago, Landetxa eta Foro XXI.
Musika talde desberdinek ere parte hartuko dute eta gurdien artean tartekatuta joango dira. Bien bitartean, eta egun osoan zehar, bizilagun nahiz bisitariak Urdanibia plazan sardinak eta sagardoa dastatzeko antolatzen den jai herrikoian gozatua hartzen egongo dira.
Horra hor 2022ko Irungo Euskal Jiraren egitaraua:
Ostirala, hilak 5
- 22:00. Anita Parkerren eskutik kontzertua, Urdanibia plazan.
Larunbata, hilak 6
- Egun guztian zehar, Irungo Euskal Jira XIV argazki lehiaketa martxan egongo da. Oinarriak, webgunean.
- 9:00. Txalaparta, hiriko hainbat tokitan.
- 11:00. Hainbat taldek musika eta dantza emanaldia eskainiko dute hiriko auzoetan barrena.
- Urdanibia plazan:
- 10:00. Txosna irekiko dira. Txistorra, sardinak, sagardoa, taloak eta abar dastatzeko aukera izango da.
- 10:00-14:00. Gaztelu puzgarriak.
- 10:30. Artisau-lanak eta bertako jakien salmenta.
- 11:30-13:30. Haur jolasak.
- 12:00. Plazako tabernetatik kantuz kantu, “Kantuz Lagunak” taldearen eskutik.
- 12.00-16:00. Parte hartzen duten gurdien erakusketa.
- 12:15. Bertsolariak.
- 12:45. Dantzariak.
- 14:00. Desfilean parte hartuko duten musika eta dantza taldeei eskainitako bazkaria Irungo Atsegiña elkartean.
- 17:00-24:00 Txosnak irekiko dira. Sardinak, txistorra, taloak, sagardoa eta abar dastatzeko aukera izango da.
- 18:00. Euskal Jira. Ibilbidea: Mendelu, Hondarribia kalea, Kolon pasealekua, Genaro Etxeandia plaza, Foru Kalea, Kale Nagusia, San Juan Plaza, San Martzial Kalea eta Urdanibia Plaza.
- 20:00. Irungo eta Hondarribiko txistulariek Irun Hiria Musika Bandarekin batera emanaldia eskainiko dute, eta Agur Jauna eta Gernikako arbola joko dituzte
- 20:30. Kemen Dantza Taldearen eskutik, Dantza Jira Erromeria.
- 22:00. Dantzaldia Gora Herria taldearekin.
Igandea, hilak 7
- 11:30. Gipuzkoako Herri kiroletako Pentatloi txapelketa, Urdanibia plazan.