Hiruak bat laguntzak, herritar nahiz enpresentzako "tranpolin"
Besteak beste, turismo, hezkuntza, mugikortasun edo gizarte arloko saiakerak finantzatuko dituzte diru laguntza lerroaren bitartez.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, bertoko biztanleen proiektuak sustatzera bideratutako Hiruak bat laguntzak aurkeztu dituzte.
Laguntza programaren lehen edizioa da honakoa, eta Irun, Hondarribia edo Hendaiako herritar nahiz enpresentzako “tranpolin” bat izatea du helburu, turismoa, hezkuntza, mugikortasuna edo gizarte arloko saiakerak, besteak beste, sustatuz.
Eskaerak aurkezteko epea hilaren 16an bukatuko da, eta pertsona fisiko nahiz juridikoek bete ditzakete horiek, kasuan kasuko erregistroetan izena emanda eta egoitza soziala Bidasoa-Txingudi eskualdeko hiru hirietako batean baldin badute.
Dokumentazioa Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bulegoetan edo Ducoureau Jauregian (Hendaia kalea 8, Irun), aurkeztu beharko da, astegunetan, 14:30a baino lehen.
Baldintzak
Eskabideak aurkeztu nahi dituztenen proiektuak zenbait ezaugarri izan beharko dituzte, hala nola: hiru hirien inplikazioa, euskararen, gaztelaniaren eta frantsesaren erabilera edo Irun, Hondarribia eta Hendaiako herritarren inplikazioa, besteak beste. Gainera, esleipen-ekitaldian zehar hasi beharko da proiektuak gauzatzen, gehienez ere 12 hilabeteko iraupenarekin.
Diru laguntzaren zenbatekoa, onuradun suertaturiko jardueraren kostu osoaren %50era iritsi ahalko da gehienez. Kostu hori, beste laguntza publiko batzuei gehituta, ezin izango da jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan.
Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak aztertuko ditu jasotako eskaerak, eta txosten tekniko bat aurkeztuko dute gero. Ebazpena urtea bukatu baino lehen jarriko da jendaurrean, proiektuak aurten bertan has daitezen. Informazio gehiago partzuergoaren webgunean topa daiteke.