[Erreportajea] Sokak ondo jartzea baino gehiago
Mikel Aia irundarrak traineruentzat eta beste hainbat ontzirentzat estropuak egiten ditu. Arraunlari zenean ikasi zuen horiek egiten. Ehunka eskaera erantzuten ditu urtero-urtero.
Traineruak azkar joan daitezen kontuan hartu beharreko arlo asko daude. Nola ez, kirolarien prestaketa bai indibidualki eta talde bezala ezinbestekoa da ontziek itsasoa egoki zeharka dezaten. Baina badira materialarekin (traineruak, arraunak…) harremana duten aldagaiak, detaileak askotan, segundoak irabazteko aukera ematen dutenak. Horien artean daude estropuak. Mikel Aiak (Irun, 1974) ongi aski daki hori. Estropuak egiten dizkie hala eskatzen dioten guztiei. Estrapu Estrobo marka harena da, aski ezaguna arraunlarien artean. Oarso Bidasoko traineru askotan hark egindako estropuak dituzte, baita Gipuzkoako, Bizkaiko, Kantabriako edo Galiziako klubek ere. Harago doa, ordea, hobby-tzat duen afizioaren mugen zerrenda: Herrialde Katalanetatik nahiz Andaluziatik ere eskatzen dizkiote.
Erraza dirudi estropu bat egitea. Hamar bat minutuan egin dezake bat irundarrak. Ez saiatu etxean; gaizki aterako da. Aiak duen eskarmentua ez du inork: «Saiatu naiz jendeari azaltzen nola egin estropuak. Baina hasi, eta ezinean ibili dira». Traineru, trainerilla, batel, llagut eta faluchoetarako (Mediterraneoko ontziak azken biak), nahiz jabega ontzientzat (Andaluziakoak) estropuak egiten aditu faktoriatzat duen etxeko sukaldean. Urtean 500-600 bat, kontaketa azkar batean. Ontzi horietako toleteek neurri zehatz bat dutela adierazi du, ontziaren ezaugarrien araberakoa. Estropuaren diametroa da erreferentzia, zehazki, toletearen alderik estuena da Aiak behar duen neurria estropu egokia egiteko.
«1994an hasi nintzen arraunlari bezala Santiagotarrak Kirol Elkartean. 1993an atera zuten lehenengoz trainerua. Anaiak eta lagunek konbentzituta hasi nintzen arraunean. Klaudio Izagirre Otxote entrenatzaileak egiten zizkigun orduko hartan estropuak astia zuenean. Baina aspertu zen. Estropuak egiten ikasi behar genuela esan zigun, eta nik eta besteren batek horiek egiten ikasi genuen». Gerora entrenatzailez aldatu zuten, Martxel Mitxelena jarri zen Santiagotarrak-en traineruaren agintean Iñaki Mendizabalekin. «Otxote ez zegoenez, estropuak egiten hasi nintzen nirekin arraun egiten zutenentzat. 1999an-edo izan zen hori. 2000. urtean utzi nuen arrauna nik, eta 2004an jende faltagatik Santiagotarrak-ek ez zuen trainerua atera. Estropuak egiteari utzi nion, ez zizkidan inork eskatzen».
Tarte horretan, alaba gaixotu egin zitzaion, eta 2008an jada dezente osatu zenean, «arraun egin beharra daukat» esan zion emazteari Aiak. Oriora joan zen. «Orio zalea naiz. Banekien ordezkoaren ordezko izango nintzela han. Igual zitzaidan. Han bakoitzak bere estropuak egiten zituen, nik, noski, neureak. Ez nuen taldean jarraitzerik izan, ordea; Trintxerpera utzita joan nintzen. Han ere estropuak egiten hasi nintzen niretzat eta taldekideentzat, eskatzen zizkidatelako». Trintxerpe eta arrauna utzi, eta estropu eskaerak ez ziren eten.
Baina 2015eko irailean iritsi zen inflexio puntua: «Estropadak bukatu ziren. Telebistan deus interesgarririk ez zegoen larunbat batean, aspertuta, posta elektroniko helbidea eta Facebook orrialdea sortu nituen, azken hau Estrapu Estrobo izenekoa». Orain, ia 4.400 lagun ditu sare sozial horretan, gehienak arraunarekin lotura dutenak, Kantaurikoak izan, Mediterraneoko herrialdeetakoak, edo Andaluziakoak. «Eskaera gehiago jasotzen hasi nintzen. Ingurukoenak, Kataluniako jendearenak, valentziarrenak…».
Zeharkako irabazle
Nylonezkoak egiten ditu gehienbat estropuak Aiak, baina baita nylona eta espartzua uztartzen dituztenak ere. Azken horiek egiteko zailago direla adierazi du irundarrak. Koloreak, nahi direnak hauta daitezke. «Adibidez, bularreko minbiziaren kontrako Alacanteko elkarte batek, emakumeen bularraldea indartzeko arraun irteerak egiten dituenak, nire estropuak erabiltzen ditu, eta kolore askotakoak dira. Rema Vida du izena elkarteak». Elkarte horren ikur bihurtu dira irundarraren estropu koloretsuak.
Kontxak irabazi ditu Mikel Aiak. «Nik? Bai zera!». Arraunean ez, baina hark egindako estropuak erabili dituzten arraunlariek bai. «Ezin uka ilusioa egiten didala traineru honek edo besteak nik egindako estropuekin garaipenak lortzen dituela ikusteak. Baina nire lana ez dut uste funtsezkoa denik bandera bat irabazterako orduan. Arraunlariena da lana. Nik bakarrik horren puska txiki bat jartzen dut. Arraunak gauza asko eman dizkit, lagun asko, eta oso gustuko dut mundu hau. Kirol honekin harremana izaten jarraitzeko aukera dut estropuak egiten».