Elkarrekin Podemos - IUk migrazio politikak salatu ditu
"Mugak Irekitzen" karabana abiatuko da ostiralean Irundik. Horren harira, migratzaileen egoera salatu eta eskariak egin ditu koalizioak.
“Mugak irekitzen” karabana Irundik abiatuko da ostiral honetan, hilak 15. Arratsaldeko 19:00etan Urdanibia plazan harrera egin ostean, bere ibilbidea abiatuko du, Italiako Turin hirira iritsi arte. Karabanak Europar Batasunaren migrazio politika eredua salatzea izango du xede.
Zentzu horretan, Irungo Elkarrekin Podemos- IU udal taldea ekimenera atxiki da. Irungo hasierako ekitaldian egongo dira David Soto eusko legebiltzarkide irundarra; Gipuzkoako Batzarretako bozeramaile Joanes Fiel; eta Irungo Udaleko ordezkari David Nuñez. Hala, Irun eta Hendaia arteko muga zorroztu zenetik migratzaileen eskubide eta egoerak nabarmen okerrera egin duela salatu duela oroitarazi du. Gainera, azken urtean muga igaro nahian hil diren gutxienez sei migratzaileak ekarri ditu gogora Elkarrekin Podemos – IUk. Irtenbide gisa, Frantziako Estatuak salbuespen egoerako lehen egunetik aplikatu duen migrazio politika bertan behera uztea eskatu du.