Emekik zenbait ekintza antolatu ditu ekainerako
Datozen egunotarako, emakume elkarteak tailer, hitzaldi, lasterketa, erakusketa baita bidaia kulturala ere antolatu ditu.

Hondarribiko Emeki Emakume Elkarteak aisialdi eskaintza zabala antolatu du hil honetarako. Jarraian, datorren astean herritarrei eskainiko zaizkien ekintza desberdinak jaso ditugu:
- Ekainaren 11n, larunbata, goizeko 10:00etatik 13:00era elkartuko dira Martxoaren 8aren plazan, Kalean Ehuntzeko Munduko Egunaren harira tailerra egiteko. Parte hartzea irekia da.
- Ekainaren 13an, astelehena, Hondarribiko Emakumezkoen lasterketa ez-lehiakorra ospatuko dute. 18:30etan abiatuko da Emekiren egoitzatik (Molla ibilbidea 1). Antolatzaileek bost euroko botea proposatu dute, ostera afari-merienda antolatzeko. Izen-ematearen xehetasunetarako, Emekik esteka hau luzatu du.
- Ekainaren 13tik 30era, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, Hondarribiko Txokoak erakusketa Emakiren margo bildumaren eskutik. Egunero egongo dira ikusgai margolanak, eguerdian 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean 17:00etatik 21:00etara.
- Ekainaren 16an, osteguna, Maggie Bullenek hitzaldia eskainiko du Kultur etxean, “Espacios simbólicos del empoderamiento” izenpean. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Sarrera doakoa izango da.
- Ekainaren 19an, igandea, bidaia kulturala antolatuko du Emekik, eta Baztanen Amaiur, Elizondo eta Bertiz bisitatuko dituzte. Interesdunek mezua bidali beharko dute Emekiren helbide elektronikora, eta parte-hartzeko, gutxi gorabeherako prezioa 47 eurokoa izango da. Emekiren egoitzatik abiatuko da txangoa.