Txapeldunorde duina izan da Bidasoa
Asobal Kopan Granollersen kontrako partidan kanpaikada jo ondoren, finalean, 37-29 galdu du Bidasoak Bartzelonaren kontra.
Ilusioa piztu zen. Larunbatean, Granollersen kontrako partidu gogoangarriaren ondoren, Bartzelonaren kontra finala jokatu zuen atzo Bidasoak. Bartzelonak, ordea, beste behin menderaezina dela erakutsi zuen, eta bigarren tokian geratu ziren irundarrak.
Lehenengo minutuetan markagailuari eustea lortu zuen Bidasoak, baina berehala jarri zen Bartzelona aurretik, eta partidu osoan zehar mantendu zen horrela. 14-17 iritsi ziren atsedenaldira, eta bigarren zatian nagusi izan ziren kataluniarrak. Azkenean, 29-37.
Jacobo Cuetarak taldeak emandako itxura ona nabarmendu zuen partidaren bukaeran. “Bidasoak bospasei final jokatu baditu Asobal Kopan, eta gu azken lauetatik hiruetan egon gara”. Denboraldiaz “harro” dago Bidasoa taldearen entrenatzailea: “Fase finaletara iristen ari gara, une garrantzitsu guztietan gaude, oso egonkorrak gara, Asobal Ligan bigarren bukatu dugu, Europako bigarren liga garrantzitsuenean 16 talde onenen artean egotea lortu dugu, pozik egoteko moduko denboraldia izan da”.