[Erreportajea] Tunelaren bukaeraren zain
Inoizko egoera zailenari eusten ari da Gipuzkoako automozioaren sektorea. Pandemia hasi zenetik beherako joera mantendu dute salmentek, eta minimo historikoetara iritsi dira azken hilabeteetan.
Ez dira betiko garai onenak automobilgintzarentzat. Hiru urtez segidan beherako joera mantendu dute salmentek, eta azken hilabeteotan minimo historikoetara iritsi dira Euskal Herrian. Gure eskualdeak ez daude egoera honetatik salbu, Hitza-k hala dela berretsi ahal izan du. Egoera oso konplikatua dela aitortu dute ondorengo lerroetako protagonistek. Ahal bezala ari dira krisi honi eusten.
Egoera «latza» dela aitortu du Javier Bagues Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko (GAEE) presidenteak, ez du sekulako halakorik bizi izan errenteriarrak. «Nik ez dut hain matrikulazio gutxi ikusi inoiz. 2007ko krisiko datuak baino okerragoak dira gaur egungoak», esan du, kezkati. Pandemia hasi zenetik sektorea maldan behera joan dela dio, eta datuek hala dela berresten dute.
Egoera konplikatua ulertzeko faktore asko daudela gaineratu du Baguesek, eta tamalez denek bat egin dutela, «une oso konplikatu batean». Horietako zenbait zerrendatu ditu.
Batetik, eta «garrantzitsuenik» errenteriarraren ahotan, saltzeko auto oso gutxi dago egun kontzesionarioetan, eskaintza oso murritza dela kontatu du. Bezeroek nahi edo behar duten autoa aurkitzeko gero eta zailtasun gehiago dituzte, horrek ere, Baguesen ustez, eragin du beherakadan. 2021ean hasitako afera bat dago ibilgailu falta horren atzean. Ordutik Europako fabrikatzaileei ez zaie iritsi nahikoa material autoak ekoitzi ahal izateko, ondorioz, ez dago nahikoa stock-ik. «Pandemiaren eraginez hornitzaile askok itxi behar izan zuten eta ordutik material asko falta da, desoreka bat eragin du sektorean. Esaterako, Gasteizko Mercedeseko planta hilabetean bi-hiru astez itxita egon da, hilabete askoz gainera. Pentsa zein den egoera».
Datuek Baguesek esandakoa berresten dute: Pasaiako Portu Agintzaren datuen arabera, iaz 358.123 auto berri jaso zituzten, 2020an baino %8,05 gutxiago, material falta horregatik, portuko iturrien arabera. Baina pandemia garaian ere beherakada nabaria sumatu zuten, 2020an %13,17ko beherakada izan baitzuten 2019arekin alderatuta. Portuko iturrien arabera, «urte arrunt» batean 450.000 auto inguru iristen dira bertara.
Eskaintza zabala ala urriagoa izan, azken 2-3 hilabeteetan kontzesionarioetara jende oso gutxi hurbiltzen ari dela ondorioztatu du Baguesek, «merkatua zorupera jaitsi» dela dio. Tailerretan ere arazoak izaten ari dira, ez baitira ari iristen behar bezain beste pieza elektroniko konponketak egiteko. «Hori bezeroak sufritzen du, baina baita guk ere». Kontzesionario txiki askorentzako egoera sostengaezina bilakatzen ari da.
Zuzeneko faktoreez gain, erregaien igoerak ere erosleen artean ziurgabetasuna eragin duela dio, baita Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkak ere. Inoizko urte zailena izaten ari da, baina dena den, bigarren seihilekoa «hobea» izango dela uste du Baguesek, itxaropentsu da. Irailean haize pixka bat hartzeko aukera izango du sektoreak, auto gehiago iritsiko baitira, eta horrek eragin zuzena izango duela salmentetan gaineratu du. «Urtea hasi baino hobeago bukatuko dugu, baina ez dugu uste hilabete hauetako galera handi horiek konpentsatuko dituenik».
Kontzesionario eta tailerren atzetik hornitzaile asko dagoela nabarmendu nahi izan du Baguesek, sektoreak gurean, Oarsoaldean eta Bidasoan, «indar handia» baitu haren hitzetan, familia askoren sostengu da automobilgintzaren sektorea. «Piezak eta osagarri elektronikoak egiten dituzten hornitzaile asko dago hemen inguruan, eta hauen egoera ere oso konplikatua izaten ari da tamalez».
Salmenten erdia
Oztopoak oztopo, Errenteria-Oreretako Ayerdi Motor egoerari eusten ari den horietako bat da. Azken hilabeteak «oso gogorrak» izaten ari direla kontatu dio Hitza-ri bertako zuzendari Koldo Ayerdik. «Erdia baino gutxiago ari gara saltzen azken hilabeteetan. Salmentetan historikoa da egoera. 23 urtean ikusi dudan momenturik txarrena da, konplikatuena».
Ayerdi Motorrek bereziki konponketa atalean jarri ditu indarrak beti, hamabi langileetatik bakarra da salmenta zuzenean aritzen dena. Horrek haizea hartzeko aukera eman diela aitortu du. Baina, konponketak gelditu ez diren arren, horiek ere jaitsi direla dio. «Jende askok kotxea gutxiago erabiltzeko erabakia hartu du, bereziki erregaien igoerak bultzatuta. Faktore asko dira, baina badirudi guztiek batera egin dutela eztanda», erantsi du.
Irungo Basque Motor kontzesionarioaren egoera oso antzekoa da, salmentetan jaitsiera oso handia jasan dutela kontatu du salmenta sailean lan egiten duen Juan Ignacio Sagarnak. Salmentetan bezalaxe, tailerrean ere mugimendu gutxi dagoela aitortu du. «Zailtasunak ditugu stock-a edukitzeko. Material faltagatik kotxe asko falta da, eta ezin diegu bezeroei nahi duten autoa eskaini». Ondorioz, asko auto erabiliak erostera animatu direla dio, atal honetan ere eskaintza murritza izan arren. «Azken hilabeteetan jende gehiago etorri da bigarren eskuko baten bila. Merkeak bilatzen dituzte gainera, ahal bezain laster jaso ahal izateko».
Ayerdi eta Sagarna kontziente dira oraindik hil gogorrak datozela aurretik, baina tunelaren bukaeran argia ikusten dute biek. «Orain arte sektorea beti atera da egoera eta krisi guztietatik, eta pentsatzen dut, zaila izan arren, oraingo honetatik ere aterako garela», esan du errenteriarrak. Sagarnak ere iritzi berbera du: «Krisi guztiei aurre egin diegun bezalaxe, honi ere eutsiko diogu. Egoera honetatik aterako gara».