[Galeria] Bidasoa urdindu dute herritarrek
Izan Bidea egitasmoa ixteko martxa egin zuen larunbatean Sarek Bidasoa ibairen bi aldeetan, Bidasoa urdinduz lelopean.
Eguraldi onak lagunduta, larunbatean, euskal presoen eskubideen aldeko ibilaldia egin zuten hamarnaka herritarrek Bidasoa ibaia inguratuz, Bidasoa Urdinduz. Irungo Santiago auzo elkartetik abiatu ziren, eta Behobiako zubia igaro ondoren, Pausutik Hendaira joan ziren. Han, Xaia ostatuan, atseden hartu ondoren, berriro ekin zioten bideari irteeraren toki berean, Santiago auzo elkartean, bukatzeko. [Galeria behean]
Duela bi urte erronka bota zuen Sarek Izan Bidea egitasmoaren barruan: Euskal Herrian bizi diren herritar adina kilometro egitea. Epe horretan, 3.127.326 kilometro egin ditu, izan mendian, ibilaldian, bizikletan, igerian edo korrika. Orain, dinamika ixteko hainbat mobilizazio antolatu ditu zenbait tokitan, baita Txingudiko badian ere.
Erronkaren helburua salbuespeneko espetxe politika bertan behera uzteko neurriak hartzea izan da, eta bi urte eta gero, “40 urte luzez ezarritako urruntze politikarekin amaitzen hasiak gara eta isolamendua eta lehen gradua iraganean geratu dira”, Sareren arabera. Herritar guztiei eskerrak eman dizkie Sarek mobiliazioetan parte hartzeagatik, eta urratsak egiten jarraitzeko eskaera luzatu die. Izan ere, oraindik Euskal Herritik kanpo 85 preso daudela eta 19 larriki gaixo daudela gogorarazi du.
Hemen eguna emandakoa iruditan. Argazkiak Sarerenak dira.