Aurrerantzean, bisita gidatuak udaletxera hilabetero
Udalak azken larunbatetan eraikinaren inguruko bisita gidatuak antolatuko ditu, doakoak. Hurrengo hitzordua maiatzaren 28an izango da.

Irungo Udalak abian jarri du udaletxea barrutik ezagutzeko ekimena. Hala, hilabeteroko azken larunbatetan bisita gidatuak antolatuko ditu udalak, herritarrek udaletxearen historia ezagutu dezaten. Miguel Angel Paez lehen alkateordearen hitzetan, herritarrei guztiena den ondarera hurbiltzeko aukera emango zaie. Bisitetan zehar, parte-hartzaileek udal pinakotekako margolanak ikusteko, edo XVIII. mendeko eraikinaren historiaz jabetzeko aukera izango dute ere.
Datorren hitzordua, beraz, maiatzaren 28an izango da, larunbata. Alde batetik, euskarazko bisita 11:00etan hasiko da; ostera, 12:00etan gaztelerazkoari emango zaio hasiera. Ordubete inguru iraungo dute bisitek, San Juan plazatik abiatuko direlarik. Jarduera doakoa izango da, baina interesdunek 943 020 732 zenbakira dei eginda edo Luis Marianoko lorategietako turismo bulegoetan eman behar dute izena.
Online bisitak ere, aukeran
Duela hainbat hilabetetatik, udaletxea era birtualean bisitatu daitekeela gogorarazi du Irungo Udalak. Formatu honetan, udaletxearen barnealdeko objektuen informazio puntuak dituzte eskura herritarrek, San Juan Harria eta fatxadaren inguruko argipenez gain. Ibilbide birtuala egiteko aukera dago, esteka honetatik abiatuta.