Opilaren Egunean "arduraz" jokatzeko deia egin du udalak
Arriskuak murrizteko bideo dekalogo bat zintzilikatu du udalak, eta hori ikustera gonbidatu dituzte gazteak. Horrez gain, hiriko merkatariek ere jaso dute dekalogo bat, gogoratuz legeak debekatu egiten duela adin txikikoei alkohola saltzea edo ematea.
Asteleheneko (hilak 25) Opilaren Egunerako prebentzio protokolo bat antolatu du udalak. Arduraz jokatzeko deia egin die irundarrei David Nuño Gizarte Ongizate saileko ordezkariak, “jende guztiak arduraz ospa dezan, lagun eta senideekin batera”. Haren arabera, “oso egun berezia izango da Irunen eta eskualdean, pandemiaren ondoriozko denboraldi korapilatsu honen ondoren, eta guztiok dugu jaiaz gozatzeko gogo handia”.
Udalaren webguneko ‘Adikzioak prebenitzeko” atalean arriskuak murrizteko bideo dekalogo bat zintzilikatu dute jada, eta hori ikustera gonbidatu dituzte gazteak. Horrez gain, udalak dagoeneko dekalogo bat bidali die hiriko merkatariei, gogoratuz legeak debekatu egiten duela adin txikikoei alkohola saltzea edo ematea. “Guztiok arduraz jokatu behar dugu gure adin txikikoek eta nerabeek egun dibertigarria izan dezaten, alternatiba osasungarriekin eta alkoholik gabe”, erantsi du Nuñok.
Aurreko urteetan bezala autobus zerbitzu berezia eskainiko dute astelehenean, doakoa. Zerbitzu hori egun osoan zehar erabilgarri egongo da, San Martzial eta Guadalupe zelaietara joateko. Bi linea edo ibilbide izango ditu zerbitzu berezi horrek: bata San Martzial aldera eta bestea Guadalupera. San Martzialerako linea 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era egongo da erabilgarri (Hondarribia kaletik abiatuko da); Guadalupekoa aldiz (ordutegi berbera izango du) Dunboako anbulatoriotik abiatuko da.
Egunean zehar Udaltzaingoak prebentziorako zerbitzu bat antolatuko duela aurreratu du udalak, “ospakizuna normaltasun osoz gerta dadin”.