Instalazio artistiko bat sortuko dute Behobia auzoan, elkarlanean
'Auzo sortzailea' egitasmoaren barruan egingo dute topaketa. Paperezko itsasontzi xumeak sortu eta barruan mezu bat sartzera animatu dituzte herritarrak.
Behobia Auzo sortzailea egitasmoan parte hartzen ari da azken hilabeteotan. Irantzu Lekue artista mural bat lantzen aritu da, Pio Baroja institutuaren eta adinekoen zentroetako erabiltzaileen laguntzarekin. Dena prest duten arren, murala publikoki aurkeztu aurretik beste egitasmo bat egingo dute, hala jakinarazi berri du udalak.
Paperezko itsasontziez osatutako instalazio artistiko bat sortzea da asmoa, elkarlanean. Nabigatuko dugu? Itsaso beraren parte gara denok. Izan bidaiaren parte da egitasmorako aukeratu duten leloa. Paperezko itsasontzi xumeak sortu eta barruan mezu bat sartzera animatuko dituzte herritarrak. Ondorengo lekuetan jasoko dituzte horiek:
- Gaztelekuan, astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara, eta, ostiral eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara.
- Lau haur txokoetan, 17:30etik 19:30era.
- Pio Baroja Bigarren Hezkuntzako institutuan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara.
Itsasontziak egiten ikasteko argibide orri bat kaleratu du udalak, “interesdun guztiek keinu xume bat egin eta programan parte hartu ahal izateko”. Murala eta instalazio artistikoa datozen asteetan aurkeztea aurreikusi dute.