Ikastetxe Feministako Dekalogoa sortu du Toki Alai institutuak
Hamar puntuko idatzia egin dute, klasean ere berdintasuna bermatua izan dadin. Gela guztietan jarri dute dagoeneko, baita ikastetxeko sarreran ere.
Irungo Toki Alai institutuak Ikastetxe Feministako Dekalogoa sortu berri du, klasean ere berdintasuna bermatu dadin aldarrikatzeko, hamar puntuko idatzia egin dute. Dagoeneko gela guztietan jarri dute, eta ikastetxera iristen direnei ere panel handi batek egingo die ongi etorria gaurtik.
Lehenik eta behin, “eskola berdinzalea, parekidea eta feminista” nahi dutela jaso dute. Bigarrenik, irakasleek hezkidetza gaietan formakuntza jaso dezatela eskatu dute, “eredu eta erreferente izan daitezen”. Irakasleek erabiltzen duten materiala “berdinzalea, parekidea eta feminista” izatea eskatu dute hirugarren puntuan, ikasgaietako curriculumean emakumeak ikustarazteaz gainera. Dekalogoko laugarren puntuan ikastetxean aske janzteko, mugitzeko eta maitatzeko eskubidea bermatu nahi dutela aldarrikatu dute. Bosgarren atalean aldarrikatu dute ez dutela irain edo eraso matxistarik onartuko. Geletan nesken ahotsa entzun eta kontuan hartu dadila jaso dute seigarren puntuan, eta zazpigarrenean, neska hauen erabakiak aintzat hartzea eskatu dute, “gutxietsi gabe eta hain gainetik pasa gabe”. Ikastetxeko espazioen “berrantolaketa feminista” eskatu dute zortzigarren puntuan. Erlijioa, arraza, jatorria edo etnia inor diskriminatzeko ez erabiltzea aldarrikatu dute bederatzigarren puntuan. Azkenik, “indarkeria LGTBIW+fobikoa onartzen ez duen ikastetxea” izan nahi duela jaso dute.