Suspertuz, baina pandemia aurreko zenbakietara iritsi gabe
2021eko datuen balantzea egin du Ficobak, eta 2020an baino ekitaldi nahiz bisitari gehiago izan ditu. Ekitaldiak, ordea, txikiagoak izan dira osasun neurriak direla eta.
Ficobak susperraldiaren bidea hasi du. Oraindik pandemia aurreko egoerara iritsi ez bada ere, aurten balore garrantzitsuenak berdean kokatu dira, bisitari kopurua eta antolatutako jarduera kopurua, esaterako: 84.000 bisitari pasatu dira erakustazokatik, 2020ko datua bikoiztuz (40.000); eta 239 ekitaldi prestatu dituzte, duela bi urteko 80ak baino nabarmen gehiago. Horrek eskualdean eragindako inpaktu ekonomikoa ere hazi du, 23,5 milioi eurokoa izan dela kalkulatu dute Ficobako arduradunek.
Datuak positiboak izan badira ere, oraindik pandemia aurreko egoerara iritsi ezinik jarraitzen du erakustazokak. Izan ere, ekitaldiak txikiagoak izan dira osasun neurriak betearazteko; alegia, edukiera eta distantzia soziala, eta horrek eragina izan du, oro har, azoketan. 2019ko jarduera bakoitzeko batez besteko kopurua 1.090 lagunekoa izan bazen, 2021ean 320koa baino ez zen izan.
Edozein kasutan, 2022rako aurreikuspena positiboa dela iragarri du Ficobak eta egutegia “jarduera eta azoka proposamen profesional nahiz publiko zabalaren eskaintza berriekin” aberastuko dela aurreratu du.
Ander Sarratea Ficobako gerentearen arabera, 2021eko emaitzak “oso positiboak” izan dira, eta “testuinguru berrietara egokitzen” asmatu dutela iritzi dio: “Denbora aprobetxatu dugu antolatzeko, proposamen berriak egiteko eta Ficobak ekitaldi propioak antolatzeko dituen gaitasunak indartzeko”.
Jose Antonio Santano Irungo alkatearen aburuz, denentzat “zaila” izan den aldi baten ondoren, berriro ere “mota guztietako topaketa eta hitzordu profesionalez” gozatzeko aukera izango da erakustazokan: “Gure azoka esparruaren baldintzek eta lan egiteko moduak ahalbidetu dute pandemiaren murrizketen garaian ere Ficoba egokia izatea”.
Jarduera berriak
2022rako prestatu dituzten jarduera berriei dagokionez, apirilaren 1etik 3ra Ababor azoka egingo dute. EAEko lehenengo azoka nautikoa izango da, eta aisialdiko nautikarekin eta uretako jarduerekin zerikusia duten sektore guztiak erakarri nahi ditu, baita publiko zabala ere.
Bestalde, eraikuntza sektorearekin lotuta, urriaren 18tik 20ra AD’IP azoka profesionala egingo dute, sabai faltsuen, isolamenduen eta estaldurekin lotuta.
Horrez gain, Festiarte Irun-Donostia-Miarritze Arte Jaialdia ospatuko dute lehen aldiz. Uztailaren 21etik 24ra izango da.
Laugarren berritasun bat ere izatekoa zen 2022an, UNIRE soldadura eta lotura tekniken azoka, baina, azkenean, 2023ra atzeratuko dute martxoaren 8 eta 9ra.
Bestalde, bi urtean behin egiten diren azokei begiratuta, bi azoka nagusi bueltatuko dira aurten: Go Mobility by MUBIL (apirilaren 27 eta 28an) eta Uhinak (azaroaren 16 eta 17an. Itzuliko diren beste bi azoka Expogrow eta Exfilna izango dira, irailean biak, 9tik 11ra lehena, eta 19an, bigarrena.
Azterketen egoitza
Ficoba formatu ertain eta handiko azterketa eta probak egiteko “gustuko espazioa” bihurtzen ari da erakundeentzat, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahiz Irun eta Donostikoa udalen azterketak bertan egiten ari dira. HABEko azterketak ere bertan egingo dituzte.