2020an ia 40.000 bisitari jaso zituen Ficobak
Pandemiak baldintzatutako urtearen gaineko balorazioa egin dute. Ekainera arte aukera oso mugatuak izan zituzten, baina udatik aurrera zenbait azoka eta ekitaldi berreskuratzeko aukera izan zuten.
Ficoba erakustazokak 2020aren gaineko balorazioa egin berri du. Zuzendaritzak emandako datuen arabera, aurreko urte ezohikoan 80 ekitaldi jaso zituen guneak, eta 40.000 bisitari inguru bertaratu ziren. Izan ere, pandemiak erabat baldintzatu du erakustazokaren egunerokoa, eta ekainera arte aukera oso mugatuak izan dituzte. Udatik aurrera pixkanaka bilerak eta ekitaldiak jasotzen hasi ziren zorionez eta irailetik aurrera berreskuratu zituzten azokak, kongresuak, kontzertuak edo bestelako ekitaldiak.
«Ficobako espazio diafanoek eta higiene eta osasun neurri zorrotzek aukera bideragarri bat eskaini zuten bilerak, biltzarrak eta azokak egiteko. Proposamen horiek beste formatu batzuetara zabaldu dira, hala nola, hibridora edo online formatura. Ficobaren jarduera arrakastaz gauzatzeko aukera eman zuten», diote zuzendaritzako kideek.
80 ekitaldi horietatik sei azoka izan dira, hamabost ekitaldi eta 59 bilera. Bisitarien kopuru zehatza aldiz, 39.404koa izan zen iaz. Jardueren beherakada hori emaitzetan ere islatu da, izan ere, 170.000 euro negatiboan kokatu da Ficoba. Halere, azokatik diote zifra horri aurre egiteko gai direla, aurreko urteetan lortutako emaitza positiboei esker.
2021rako asmoa
Pandemiaren bilakaerak baimentzen duen bitartean azokak eta ekitaldiak berrabiarazten joateko asmoa du Ficobak. Horregatik, azoka propioak bultzatzeko ahalegina egingo dute. Dagoeneko bi azoka profesional antolatzen ari dira, aurten eta 2022an egiteko.
Bestalde, 2021erako baieztatutako hitzorduak, ondorengoak dira: Bioterra ekainaren 4tik 6ra; Expogrow azoka irailaren 3tik 5era; Caravantur apirilaren 30etik maiatzaren 2ra; Ekodrive urriaren 1etik 3ra; Ficoauto azaroaren 12tik 14ra eta amaitzeko, Be Veggie abenduaren 4tik 5era.