Tolosa eta Barakaldoko sexu erasoak gaitzetsi ditu Bidasoa Asanblada Feministak
Biktimei elkartasuna adierazi die talde feministak: "inoiz baino ozenago eta argiago oihukatzen dugu, ez da ez!".
Inauterietan Barakaldon (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa) izandako sexu erasoak gogor gaitzetsi ditu Bidasoa Asanblada Feministak. “Berriro ere terrorismo matxistak behin eta berriz zigortzen gaitu emakume izateagatik. Bizirik dirautenei elkartasuna adierazten diegu eta inoiz baino ozenago eta argiago oihukatzen dugu, ez da ez!”, esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Igande arratsaldean Udaltzaingoak 20 urteko gizon bat eta 23ko bat atxilotu zituen Barakaldon, goizaldean emakume bat taldean bortxatzea egotzi diete, eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea. Tolosan aldiz, astelehenean 18 urteko emakume baten kontrako sexu erasoa izan zen.

