Elkarrekin Podemos-IUk bloke kirurgikoaren proiektua gelditzeko eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Ebazpen proposamen bat erregistratu berri dute, proiektua gelditzeaz gain, "zerbitzu hori birmoldatzeko egiten ari diren bitartean ebakuntza gelak martxan izan ditzala" eskatzeko.
Bloke kirurgikoaren afera Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman du Elkarrekin Podemos-IU taldeak. Ebazpen proposamen bat erregistratu berri dute, “jaurlaritzari exijitzeko eskualdeko ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko proiektua geldiaraz dezala eta ebakuntza gelak martxan izan ditzala zerbitzu hori birmoldatzeko egiten ari diren bitartean”. Hau da, obrak irauten duten 18 hilabeteetan zerbitzurik gabe ez egoteko eskaera egin diote, “zerbitzua Donostiara eramateak eragin larriak” ekarriko baititu haien ustez.
Bestalde, taldeak elkarrizketarako mahai bat eratzea proposatu du beste behin, eragindako udalerrien udalekin, Osakidetzako sindikatuekin, langileekin eta Osasun Bidasoa plataformarekin, “egoera aztertu eta irtenbide adostu batera iristeko”.
“Proiektuaren inguruko iluntasunak eta informaziorik ezak areagotu egiten du Bidasoko
biztanleen sentipena, hau da, bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte”, erantsi dute taldekoek.
Bide batez, biharko (hilak 19) Osasun Bidasoa plataforma herrikoiak deitutako manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.