Iaz 4.929 sarrera jaso zituen Abisu, Kexa eta Iradokizunen zerbitzuak
HAZek kudeatutako zerbitzuaren iazko balantzea egin du udalak. Kontsulta gehienak kaleko garbiketarekin, parke eta lorategiekin eta hiri hondakinekin zerikusia dutenak izan dira.
HAZek kudeatzen duen Abisu, Kexa eta Iradokizunen zerbitzuak (AKI) iaz erregistratutako jardueraren balantzea egin berri du udalak. Monica Martinez ordezkariak datuak eman ditu gaur goizean: 2021ean 4.929 sarrera jaso zituzten udal zerbitzu honetan, 2020ko oso antzekoak.
Kontsultatutako gai gehienak kaleko garbiketarekin, parke eta lorategiekin eta hiri hondakinekin zerikusia dutenak izan direla azaldu du ordezkariak.
“HAZen programa garrantzitsuenetako bat da Abisu, Kexa eta Iradokizunen zerbitzua, eta aurten 25 urte bete ditu. Udal zerbitzu baten funtzionamenduaren inguruko komunikazioren bat udalari helarazteko biderik zuzen eta azkarrena da. Hirugarrenen eskumeneko gaiak ere erregistratzen eta bideratzen ditugu; horretarako, bitartekari lanetan aritzen gara, ahal den heinean arazoa konpontzen laguntzeko”, esan du ordezkariak.