EAJ: "Oso pozik gaude azkenean Txingudiko hiru hiriak lotzeko proposamena egi bihurtzen delako"
Arantxa Tapia sailburuak "Plaiaundiko parke ekologikoaren ingurunea berreskuratzeko" helburua duen proiektuaren lizitazio prozesua eta egutegia iragarri ditu. San Lorenzo urmaela handitzeaz gain, oinezko zein bizikletentzako bide berri baten bidez Irun eta Hondarribia lotuko dituzte.
Arantxa Tapia sailburuak “Plaiaundiko parke ekologikoaren ingurunea berreskuratzeko” helburua duen proiektuaren lizitazio prozesua eta egutegia iragarri ditu. Horren berri eman die hedabideei Irungo EAJ taldeak, “Oso pozik” agertu dira, “azkenean Txingudiko hiru hiriak lotzeko proposamena egi bihurtzen delako”.
Sailburuak gaur bertan jakinarazi duenez, zehazki San Lorenzo urmaela handitzeko proiektua da lizitaziora atera dutena, eta “Txingudi badiaren inguruko naturaguneen konektagarritasuna hobetuko” du. Izan ere, urmaela handitzeaz gain, oinezko zein bizikletentzako bide berri baten bidez Irun eta Hondarribia lotuko dituzte. Bidegorri horrek lau metroko zabalera izango duela eta uraren gainetik joango dela aurreikusi du jaurlaritzak.
Proiektuak 4,6 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 14 hilabeteko epean bukatzea aurreikusi dute. Sailburuaren arabera, “etorkizun hurbilean” garatuko dute proiektua, eta Irun Pier Lotti pasealekutik Hendaiarekin Santiago zubitik lotuko duen proiektuaren “aurrekari” izango da, honela, hiru hirien arteko lotura bukatuta.
Irungo jeltzaleentzat “albiste bikaina” da. “2013. urtean publikoki iragarri genuen proiektua da, eta hainbat ekimen ezberdinekin denbora luzez borrokatu ondoren, egi bihurtzen ari dela ikusten dugu”, esan dute taldekoek.
Egun “zatituta eta azpiegitura handiak dituen eremua” dela uste dute jeltzaleek, eta proiektu honek “konektagarritasuna hobetuko” duela uste dute. “Aurkeztutako jarduketak balio ekologiko, ingurumen balio eta balio paisajistiko handiko eremuan burutuko dira, beraz, ingurumenarekiko errespetua zein pertsonen gozamena batuko dituen proiektua izango da”, erantsi dute.