Santiagotarrakeko hiru taldeak, astebururako prest
Larunbatean Frantziako txapelketa jokatuko dute ur bizietako arraunlariek; eta igandean berriz, ur lasaietako eta aulki mugikorreko kirolarien txanda izango da.
Asteburu honetan Santiagotarrak klubeko hiru taldeek lehia izango dute. Larunbatean ur bizietako 25 kirolari Pauen (Ipar Euskal Herria) jokatuko duten Frantziako txapelketan ariko dira. Bertan jokatuko dituzte aurtengo selekzio probak, beraz, entrenamendu gisa baliatuko dute asteburukoa.
Igandean aldiz, ur lasaietako eta aulki mugikorreko arraunlariak lehiatuko dira. Ur lasaietako kirolariak Bizkaiko Txapelketan ariko dira (Plentzian, Bizkaia); eta aulki mugikorrekoak berriz, distantzia luzeko Euskadiko Txapelketan (Orion, Gipuzkoa). Azken honetan klubak aulki mugikorreko 13 kirolari eta 9 ontzi eramango ditu.