Minbiziaren birak geldialditxoa egin du Irunen
Gaur Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko boluntarioak eta profesionalak Zabaltza plazan izan dira, "minbiziak sortzen dituen desberdintasunak" erakutsiz.
Joan den hilaren 4ko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak lurraldeko hainbat herri bisitatu ditu, tartean, Irun. Gaur izan da Minbiziaren Tour-a Zabaltza plazan, goizez. Bertan elkarteko boluntarioak eta zenbait profesional izan dira, “minbiziak sortzen dituen desberdintasunak” erakutsiz.
Lau panelez osatutako erakusketa jarri dute, Guztiok ez gara berdinak minbiziaren aurrean leloarekin. QR kode baten bidez, hiru bideora eraman dituzte herritarrak, desberdintasun horiek paziente, osasun langile eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko profesional baten bidez azaltzeko.