Erdialdea "emisio gutxiko eremu bihurtzeko" lehen urratsak
San Juan plaza eta ingurua berrurbanizatzeko proiektua aurkeztu du udalak. Dokumentua idazteko fasean daude orain, baina udalak konpromisoa hartu du "hirian airearen kalitate hobea duten eremu atseginago, eraginkorrago eta berdeagoak sortzeko".
“Irungo erdialdea emisio gutxiko eremu bihurtzeko” proiektu berri bat aurkeztu du udalak, lehen urratsen berri eman dute gaur Borja Olazabal eta Cristina Laborda ordezkariek. Proiektu hau Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legearen barruan kokatu dutela azaldu dute, “lege horrek ezartzen baitu 2023rako 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek emisio gutxiko eremu bat izan behar dutela”.
Proiektuaren dokumentua idazteko fasean daude orain, baina edonola ere, udalak konpromisoa hartu du “oinezko mugikortasunaren alde” egiteko, baita ere “hirian airearen kalitate hobea duten eremu atseginago, eraginkorrago eta berdeagoak sortzeko”.
Lehen jarduketan Legia, Berrotarran eta Foruen kaleak eta Jerako Etxeandia plaza berrurbanizatuko dituzte, “lehen urratsa baino ez da izango” ordezkarien arabera. Duela urte batzuk oinezkoentzako egokitu zuten San Juan plaza eta ingurua, eta orain gehituko diren kale horiekin, 22.640 metro koadroko espazio bat egokituko dute. “Horrelako esku hartzeetako oinarrizko printzipioak jarraitu ditugu, hala nola oinezko mugikortasun irisgarria lehenestea, paseko zirkulazioa saihestea, sozializatzeko bidea ematen duen kale atseginaren eredua sendotzea eta oinezkoaren protagonismoa aldarrikatzea, benetan jasangarria, segurua eta osasungarria den mugikortasuna lortzeko gakoa baita”, gaineratu dute ordezkariek.
Maila bereko plataformak eraikitzea aurreikusi dute, hau da, koskarik eta goragunerik gabekoak. Granitozko zoladurak erabiliko dituzte. Plazatxoan egoteko gune bat sortuko dute, zuhaitzekin edo berdeguneekin, eta egun dauden 54 aparkalekuak kenduko dituzte, “oinezkoek lehentasuna izango duten kaleetan pasatzeko beharrezko zabalerak lortzeko”. Legian kalean sartzen utziko diete autoei, garaje komunitarioetara irits daitezen. Kendutako aparkaleku horien ordez, egoiliarrentzako 57 berri egingo dituzte Artaleku, Joakin Gamon, Aldapeta eta Pikoketa kaleetan.
Zirkulazioari dagokionez, Berrotaran eta Foruen kaleak eta Jenaro Etxeandia plazarekin elkartzen diren puntua oinezkoentzako izango dira , eta hala, Kolon pasealekutik eta Nafarroa hiribidetik bakarrik taxiek eta autobusek ahalko dute sartu. San Juaneko aparkalekuko erabiltzaileek ere sarbidea izango dute.
Berrotaran kalea itxi ahal izateko Pikoketa-Artaleku eremura joateko beste sarbide berri bat egingo dute, Beraketa kalearen norakoa aldatuko dute, Iparralde hiribidetik sartu beharko dira autoak.
Azkenik, ur eta saneamendu zerbitzu guztiak aldatuko dituzte, baita argi instalazioak ere.
Herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute, hilaren 18ra bitarte, udalaren webgunean.